«Ez du zorterik izan, ona da»

Rafa Alkorta Athleticeko kirol zuzendariak goraipatu egin du Gaizka Garitanok orain arte eginiko lana. Entrenatzaileak «ontzat» jo du talde zuri-gorriarekin denboraldi baterako kontratua sinatu izana

Rafa Alkorta, Gaizka Garitano eta Aitor Elizegi, atzo, entrenatzailearen kontratu berritzeaz hitz egiteko emandako prentsaurrekoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Athleticek Gaizka Garitanoren aldeko apustua egin du datorren sasoirako. Berez, ez da aparteko berria. Entrenatzaileak eta laguntzaileak egiten ari diren beharra aintzat hartuta, Garitanok ez jarraitzea izango litzateke albistea. Deriokoak bere lanarekin erakutsi du segitzea merezi duela.

Hala ere, etxekoekin sarri gertatzen den legez, badirudi arlo guztietan erakutsi behar dela jakinduria. Hala, Aitor Elizegi presidenteak, Rafa Alkorta kirol zuzendariak eta Garitanok, kontratu berritzeaz jarduteko atzo egindako agerraldian, entrenatzaileak talde zuri-gorrian egindako ibilbidearen gaineko bideo bat erakutsi zuten. Umea zela sartu zen Lezaman, eta lehen taldean debuta egin arte egin beharreko urrats guztiak egin zituen. Garitano, Muniain eta Williams besarkatuta ageri ziren argazki handi bat ere jarri zuten protagonisten atzean. Gure ametsak aurrera dirau leloa ageri zen argazkian. Halaber, argazki hori zuen koadro bat eman zioten. Dena ziren detaileak.

Agerraldia hasita, ohikoa den legez, protagonista bakoitzak hitza hartu zuen, galderen txanda hasi aurretik. Alkortaren sarrerakoak eman zuen zeresan gehien. «Egun ona da. Lehen egunetik egin dugu haien aldeko apustua. Argi izan dute zer behar zuen taldeak. Gaizkak ez du zorterik izan; entrenatzaile ona da», esan zuen.

Baina aurkezpen bideoa eta kirol arloko nagusiaren esana lotuz gero, zer pentsatua ematen du. Zalantzan al daude entrenatzailearen gaitasuna eta klubarekiko konpromisoa? Hamasei partidatan 32 puntu lortu dituen lantalde baten ekarpena kasualitatea dela pentsa al daiteke? Halaber, Garitanok inoiz kritikatu al du Athletic bere kirol ibilbide luzean? Eta, gainera, horren profesionalizatuta dagoen kirol batean noiztik eskatzen da klubaren karneta? Ander Herrerari, Javi Martinezi edo bizkaitarra ez den harrobiko jokalari bati galdetzen al zaio zein klub zuen gustuko umetan? Ezohiko mezuak izan ziren. Finean, egia izango da batzuek beste batzuek baino gehiago erakutsi behar dutela.

Kluba, norbanakoen aurretik

Kontuak kontu, Garitanok eta zuzendaritzak elkarlanean jarraitzea adostu dute. Bada, kontratuaren iraupenak ere eman du zeresana. Seguruenik, presidenteak «zale» gisa egin zituen adierazpenen ondorioz. Garitanok «hiru» urtez jarraitzea gura zuela esan zuen agerraldi batean. Orduan, zergatik adostu dute urtebeteko iraupena baino ez duen hitzarmena? «Klubak urtebeteko eskaintza egin dit. Ondo iruditzen zait. Gaur egun, entrenatzaile baten bidea ez da oso luzea. Urtero erakutsi beharko dut Athletic entrenatzeko balio dudala. Gainera, aurreko urteetan ikusi dugu zer gertatu den kontratu luzeak izan dituzten entrenatzaileekin. Ez dut kluba lotu gura», adierazi zuen Garitanok.

Garitano pozik dago kontratua luzatu duelako, baina, era berean, agerraldian ezeroso zegoen. Ez du gustuko notiziaren «erdigunea» izatea. Baina hala da, besteak beste, arazo larriak zituen talde bat itxuraldatu duelako. Teknikariak, hala ere, jokalariei eman zien hobekuntzaren meritu ia guztia. «Egoera aldatzen lagundu dugu, baina, batez ere, ez dugu trabarik egin. Jokalari ginenean, beti eskatzen genuen laguntzeko gai ez zen entrenatzaileak gutxienez ez zezala traba egin. Jokalari onak eta pertsona onak ditugu. Konpromiso handia erakutsi dute. Athleticen lan egiten dugun guztiok klubaren interesak gureen aurretik jartzen ditugu».

Zulotik irtenda, gora begira jarri da Athletic. Entrenatzaileak ez du gustuko Europa ahotan erabiltzea, baina inguruak ez dauka beste ezer buruan. Ezta Alkortak ere. «Orain, Europarako sailkatzea da helburua». Une gozoak aprobetxatu eta baloratu egin behar dira. Baina, era berean, oinak lurrean izatea komeni da. «Ez dugu pentsatu behar sasoi honetan bizi izan duguna eta aurreko denboraldikoa kasualitatea denik. Urte gogorrak datoz. Athletic klub ezberdina da; beraz, ezberdin jokatu behar du. Batuta egon behar dugu». Argi dauka une latzak etorriko direla. «Prest» dago emaitzek laguntzen ez dutenerako, baina ez dauka argi Athletic inguruan beste klub batzuetan baino pazientzia handiagoa dagoenik. «Sasoi txarrak heltzen direnean neurtuko dugu zenbaterainoko pazientzia dagoen».

Ez Alkortak, ez Garitanok ez zuten jardun gura izan kontratua amaituko zaien futbolarien inguruan. Orain hasiko omen dira erabakiak hartzen. Presidentea, berriz, ez da kirol kontuetan sartzearen aldekoa. Hori bai, gustura agertu zen Garitanorekin lortu duten akordioarekin. «Egun handia da. Nekez aurkituahal izango dugu profil hobea duen entrenatzailerik. Abenduan ausardiaz hartu zuen ardura. Orain, zerotik hasteko aukera izango du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.