Irabaztea besterik ez du buruan

Realak Betis kanporatu nahi du gaur, Anoetan, Espainiako Kopako final-laurdenetarako sailkatzeko. Berdinduta dago kanporaketa, hutsean bukatu baitzuten joaneko partida

Theo Hernandez, Sergio Canalesekin lehian, Realak eta Betisek Benito Villamarinen jokatutako Espainiako Kopako final-zortzirenetako joanekoan. RAUL CAROS / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
«Hasieratik, partida irabaztera aterako gara. Aldaketarik baldin badago, lehiatzeko izango da». Ohi duen eran mintzatu zen atzo Imanol Alguacil Realeko entrenatzailea, epelkeriak bazter utzita. Betisen aurkako neurketaren atarian egin zituen hitzok, eta argi utzi zuen zein izango den bere taldearen xedea gaur iluntzean: irabaztea, eta Espainiako Kopako final-laurdenetarako sailkatzea.

Lortuko balu, lehen aldia litzateke Realak Anoetan halakorik egiten duela; txuri-urdinek Amaran jokatzen dutenetik birritan lortu dute final-laurdenetarako sailkatzea, eta etxetik kanpora egin dute bi aldi horietan, Vila-realen eta Racingen estadioetan.

Gaurko partidak badu pizgarri hori ere, eta prestatzaile oriotarrak ukatu egin du Realak Kopan jarraitzeko interes handirik ez duela: «Zenbaitek esan zuten Kopa baztertzen ari ginela, baina ez da hala. Partida gogor batek baldintzatuta iritsi ginen joanekora». Hutsean berdindu zuten Betisek eta Realak partida hartan, eta, hala, gaur irabazten duenak eskuratuko du aurrera egiteko aukera. Zaila izango dela dio Imanolek, uste duelako Betisek «talde ona» duela, baita atsedenerako «ordu gehiago» izan dituelako ere.

Emaitza ona eskuratzeko gakoetako bat erasoko joko eraginkorra egitea izango da, Realeko prestatzailearen arabera, eta zehaztu du aurkariaren arean «asmatzen duenak» asko izango duela irabazia kanporaketa gainditzeko orduan.

Nolanahi ere, txuri-urdinen entrenatzailea ez da fio Betisen bolada eskasarekin, eta konfiantzari atea itxi dio: «Marrazkiaz gaindi, estiloa ez da aldatuko, eta ez dugu Betis ezberdin bat ikusiko. Lehiatzera etorriko da, eta arriskuak hartuko ditu». Hori dela eta, «arreta» eskatu dio taldeari: «Era guztietako momentuak izango dira: presiorako, elkarrengana biltzeko, kontraerasora jokatzeko eta haiei baloia kendu eta korrika eginarazteko. Ea une horiek ondo hautatzen ditugun».

Aurkariari ez ezik, bere taldeari ere erreparatu dio donostiarren prestatzaileak, eta azpimarratu du entrenamenduetan ikusitakoaren arabera osatuko duela hamaikakoa: «Aldaketak egiten baditut, taldearen hobe beharrez egiten ditut, eta irabazteko. Aurrera egiteko ilusio ikaragarria dugu».

Halere, Imanolek adierazi duaurreko neurketak «baldintzatu» egiten duela hamaikakoa, eta horrek ere garrantzia izango duela zelairatuko diren jokalariak hautatzeko orduan: «Hamaikakorik onena aukeratu behar dut, eta ez izan zalantzarik hala izango dela. Partidari aurre egiteko eta kanporaketa igarotzeko nola gauden aztertu beharra daukat».

Deialdi batera itzuli da Sandro Ramirez. Ez, ordea, Ruben Pardo eta David Zurutuza. Harrobiko jokalari horiek min hartuta jarraitzen dute, Raul Navasek eta Kevin Rodriguesek bezalaxe, eta Diego Llorentek ere ez du jokatuko.

REALA-BETIS

Reala. Rulli; Zaldua, Aritz Elustondo, Hector Moreno, Theo Hernandez; Merino, Illarramendi, Zubeldia; Oiartzabal, Juanmi eta Willian Jose.

Betis. Joel; Francis, Bartra, Mandi, Feddal; Tello, William Carvalho,Lo Celso, Canales; Joaquin etaLoren.

Epailea. Prieto Iglesias.

Lekua. Anoeta (29.000 ikusle).

Ordua. 19:30 (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.