Futbola. Espainiako Kopako finala

Ametsa errealitate bihurtzera

Realak ezustean hartu nahi du gaur Atletico Madril, Granadan, Kopako finalean. Txuri-urdinen lehen titulua litzateke, eta emakumezkoen euskal talde batek lehiaketa horretan irabazitako seigarrena. Bideoa albiste barruan.

Ametsa errealitate bihurtzera.
ainara arratibel gascon
Granada
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Atletico Madrilen aurkako Espainiako Kopako finalaz galdetu, eta «ilusioa» eta «ametsa» izan dira azken egunetan Realeko jokalariek, entrenatzaileek, zaleek eta arduradunek gehien aipatu dituzten hitzak. Bada, horrek hauspotuta, festa egun eder bat pasatu, eta ametsa eta ilusioa errealitate bihurtu nahi dituzte gaur gauean, Granadan (Espainia), Sandra Ramajo kapitainak kopa altxatuta. 282 partida jokatu eta gero taldea utziko duen kapitainarentzako omenaldi onena litzateke.

Ez harentzat bakarrik, baita 2011n Realarekin Kopako finalerdia jokatu zutenentzat ere : Maialen Zelaia, Larraitz Lucas, Ane Manterola, Maite Lizaso, Marina Agoues, Ane Bergara, Aintzane Encinas... Horietako asko Granadan daude, finalaz zale moduan disfrutatzeko asmoz. Haiek guztiak izan zituen gogoan atzo Jokin Aperribai presidenteak. «Klub askoren ekarpenari eta pertsona askoren ahaleginari esker sortu zen Reala. Haientzat aitortza da hau, eta saria Gipuzkoako futbolarentzat».

Irabaziz gero, Realaren emakumezko taldearen lehen titulua litzateke, eta euskal talde batek lortuko lukeen seigarren Espainiako Kopa. Izan ere, aurretik Añorgak hiru irabazi zituen, eta Oiartzunek bi. Duela 26 urte izan zen azkena, Añorgak irabazitakoa.

Txuri-urdinek, gainera, ginga jarri nahi diote denboraldi oso on bati. Halaber, sasoi osoan zehar Gonzalo Arkonada taldeko entrenatzaileak goraipatu duen «taldearen heldutasuna» erakutsi nahi dute halako neurketa garrantzitsu batean. Hala berretsi zuen atzo Garbiñe Etxeberria kirol zuzendariak, Granadara abiatu aurretik: «Sasoi osoan izan garen taldea izan behar dugu finalean ere, eta gure ezaugarriei eutsi: talde lehiakorra izan, baloiarekin gauzak ondo egin, kontzentrazio handia izan, eta, gauzak maldan gora jarriz gero, lanean berdin jarraitu». Nabarmendu zuen bi zatien hasieran egon litekeela gakoa: «Hor ondo eutsi behar diegu, eta, ahal bada, beldur apur bat sartu».

Badira Realaren denboraldia ona dela agerian uzten datuak. Hala, urrian eta azaroan izandako txakalaldia eta gero, abendutik bi partida baino ez ditu galdu: Bartzelonaren aurka eta, hain zuzen, Atletico Madrilen kontra, joan den igandean. Espainiarrek 1-3 irabazi zuten, eta hirugarrenez jarraian liga irabazi.

Gaurko aurkariak baino sei koska beherago amaitu du liga Realak, zazpigarren postuan, aurreko sasoian bezala, baina bederatzi puntu gehiagorekin: 47. Horri esker, laugarren izateko lehian egon da azken txanpara arte.

Kopan, berriz, sufrituta utzi zuen kanpoan Valentzia final-zortzirenetan: 1-2 irabazi zion luzapenean. Final-laurdenetan eta finalerdietan, ordea, erakustaldia emanda utzi zituen bidean Rayo (4-0) eta Sevilla (3-1).

Gaurko aurkaria, ordea, askoz gaiztoagoa da. Azken hiru sasoietan liga irabazteaz gain, Kopako txapeldunorde izan da azken bi aldietan. Bietan galdu du Bartzelonaren aurka, eta, gaur, arantza hori atera nahi du.

Golak egiteko makina da Espainiako taldea, denboraldi osoan 104 gol sartu baititu, 33 partidatan; ia Realak halako bi. Zelai erditik aurrera kalitate handiko jokalariak ditu: Jennifer Hermoso, Ludmila da Silva, Amanda Sampedro, Olga Garcia... Baina atzean ere talde oso sendoa da; aurkariek 21 aldiz baino ez dute zulatu espainiarren atea.

Hori hala izanda ere, Nerea Eizagirre baikor da: «Atletico Madril da faboritoa, baina aste guztia daramagu partida prestatzen. Irabazteko asmoz zelairatuko gara».

Gaurko finalerako, jokalari guztiak deitu nahi izan ditu Arkonadak. Hala ere, Itxaso Uriarte ez da osatu; bai, ordea, Marta Cardona. Atletico Madrilen, berriz, guztiz osatu da Jennifer Hermoso.

[youtube]https://youtu.be/YnmZ6aqrQ9E[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.