Estutu handi bat gorputzari

Orioko Traineru Jaitsiera jokatuko dute bihar, neguko estropada ezagunena. 91 ontzi eta 1.200 arraunlari inguru ariko dira. Emakumeetan, 20 traineru irtengo dira; gizonetan, 33

Orioko emakumezkoen traineruak aurrenekoz irabazi zuen iaz herriko jaitsiera. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Ontziz beteko da bihar Oria ibaia(16:00), Orioko 26. Traineru Jaitsiera jokatuko baita, neguko estropadarik ezagunena. 91 ontzi eta 1.200 arraunlari inguru ariko dira arraunean. Neguko prestakuntzan dabiltza traineruak, eta arraunlariek estutu on bat emango diote bihar gorputzari. Senior emakumezkoen hogei traineru aterako dira, eta gizonezkoen 33. Aurreko urtean, Oriok irabazi zituen bi estropadak.

NADETH AGIRRE Orioko patroia
«Beti ezin da irabazi.
Besteak ere badabiltza, eta ona da hori»


Oriok iaz irabazi zuen lehendabizikoz etxeko jaitsiera, eta, Nadeth Agirre patroiak onartu duenez, «beti da berezia» herriko estropadan aritzea. Balio handia eman dio emakumezkoen talde kopuruari: «Gero eta gehiago gara, eta ona da hori». Beste taldeekin lehiatzeko aukera ematen duenez, horri ere garrantzia eman dio: «Erreferentzia moduan balio du,talde guztiak batzen garelako. Gauzak alda daitezke gero, baina nahiko zehatza izaten da udari begira, nahiz eta talde guztien helburuak ez diren berberak izaten biharko estropadan».

Aitortu du ez dutela propio prestatu estropada: «Gaur aterako gara uretara lehen aldiz denok elkarrekin». Kontatu du zer daukaten helburutzat gaurko: «Hondarribiko estropadako zapore gazia kentzera aterako gara, bete-betean. Ez genuen lan onik egin, eta hori zuzendu nahi dugu. Pena eman zigun ehunenengatik ez irabaztea». Atera zituzten ondorioak duela bi asteko estropadatik, eta horregatik bakarrik pozik dago: «Ondorioak ateratzeko gai gara orain ere, iazko udan bezala. Ikasten segitzea beti da ona. Badugu zer hobetu. Beti izan da irabazi, eta beste taldeak ere ibili egiten dira; ona da hori».

XUBANE URIBARRENA Arraun Lagunak taldeko arraunlaria
«Udan zer gertatuko den ikusteko
balio dezake Oriokoak»


Olatu gainean azalduko da Arraun Lagunak bihar, Hondarribiko Jaitsiera irabazi egin zuelako. Xubane Uribarrenak azaldu du konfiantza eman ziela garaipen horrek: «Gauzak pixka bat ondo egin eta irabazi izanak sekulako konfiantza eman digu». Neguko aurreneko estropada izan zen Donostiako taldearentzat, eta aintzat hartzekoa iruditzen zaio udan aurkari izango dituzten beste hiru traineruekin lehiatu izana: «Bihar ere elkarren aurka ariko gara Orio, Donostiarra, Hondarribia eta gu, eta udan zer gerttuko den ikusteko balio dezake».

Orioko Jaitsiera berezia dela dio: «Kontxa txiki bat da neguko estropadetan». Arraun Lagunak-en helburua zein izango den esan du: «Dakiguna egitera aterako gara, baina ez gara erotuko».

ALEX UDABE Hondarribia taldeko arraunlaria
«Denon helburua da geure onena emateaeta irabaztea»

Iaz etxeko estropada bakarrik irabazi zuen Hondarribiak neguko prestakuntzan, eta aurten ere badu garaipen hori, nagusitu egin baitzen etxekoan. Biharkoari aurre nola egingo dioten kontatu du Alex Udabek: «Berezia da guretzat ere, normalean denon helburua izaten baita geure onena ematea eta irabaztea. Udan zer gertatuko den neurtzeko erreferen- tziak ematen ditu. Orain ibiltzen ez dena udan ez da ibiliko».

Orioko iazko jaitsieran, etxekoak ibili ziren asko, eta Hondarribia hirugarren izan zen, hamabost segundora:«Sekulako zartakoa eman zigun Oriok, baina gero, udan, guk ere irabazi genien». Ez dute propio prestatu biharkoa: «Guk ez, Orioko Jaitsierak ez baitu sekula aldatzen gure prestakuntza, baina beste batzuek bai. Badakigu batzuk oso serio ari direla lanean biharko». Bihar aldea zeinek jar dezakeen iragarri du, prestakuntzari helduta: «Aldea egoten da talde batzuek serie motz batzuk egiten dituztela entrenamenduetan biharkoa prestatzeko, eta horiek biziago ibiltzen dira biharko egunez. Gorputzeko motorrak ez daude 34-35 arraun kolpe minutuko emateko; gureak ez, behintzat, eta 33ra joanda, nahikoa guretzat».

IÑAKI ERRASTI Ondarroako entrenatzailea
«Gustura ari gara lanean.
Probak egin ditugu,eta ondo doa gauza»


Ondarroak ia talde osoa aldatu behar izan du iaztik, eta hil kanpaiak entzuten ziren taldearen bueltan udazkenean, entrenatzen hastean, baina hara non, Portugaleteko eta Sestaoko jaitsieretan, bigarren egin zuen Iñaki Errastiren taldeak: «Gustura ari gara lanean, aurreko bi jaitsieretan ikusi den bezala», azaldu du entrenatzaileak. Orion zertara aterako diren kontatu du gero: «Gauzak ondo egitea denoi gustatzen zaigu estropada honetan, baina ez dugu propio ezer prestatu. Gure lanarekin gustura geratu nahi genuke. Badakigu non gauden, eta uste dut TKEko maila dugula. Gauza ondo doa. Saiatuko gara aurretik ateratzen den inork ez gaitzan irabazi, eta atzekoren bat estutzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.