Lehen Aste Nagusian esnatu zen Bilbo; bigarrenean, altxatu. Eta hiria lozorrotik jaikitzen lagundu zuenetako bat Jose Antonio Nielfa La Otxoa izan zen. 1979ko jaietan, emakumez jantzi, eta Federiko Ezkerraren konpartsaren txosnak zeukan oholtzara igo zen, bilbotarren kontzientzia astintzera, Libérate (Aska zaitez) kantuarekin. Bizi izan zutenen arabera, mugarria izan zen. Nolabait, sexu askapenerako mugimenduaren ikur bihurtu zen. Ordura arte zurrun egon zen eredutik kanpo, sentitzeko, maitatzeko edo sexu harremanak izateko beste modu batzuk ere badirela aldarrikatu zuen. Ezkutuan egondakoak plazara atera zituen.
Baina askatasuna egunero borrokatzen den saria da. Eta sexu askapenean oraindik ere asko falta da irabazteko. Genero berdintasunean, zer esanik ez. LGTBIfobiaren aurka pausoak eman diren bezala, matxismoari aurre egin guran dabiltza Bilboko jaietan.
Duela 11 urte ibili nintzen lehenengoz kazetari Aste Nagusian. Gizon batek emakume bat bortxatu zuen. Ertzaintzak orduan egindako kontakizunaren arabera, festa giroan elkar ezagutu zuten. Emakumeak gizonaren etxera joatea onartu zuen, eta behin hara iritsitakoan egin zion eraso. Festetako balantze ofizialetik kanpo utzi zuten, ez zelako gertatu jai eremuan. Ez genuen bestelako erasoen berririk izan, baina gertatuko ziren, zalantza barik.
Azken urteetan pauso asko eman dira. Adibidez, konpartsek erasoen aurkako protokoloa dute. Gizarteak, oro har, kontzientzia hartu du. Baina oraindik bigarren mugarri bat behar du Bilbok: La Otxoak sexu askatasunean lagundu zuen bezala, andreak jaietan aske ibili eta sentitzeko zer egin asmatu beharko du.
MARIJAIAREN ZIMURRAK
Askatasuna ereiten den lekua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu