Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Ordu ederrak ETB1i begira

2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Kexatzen gara ETB1ez, eta ez arrazoirik gabe, ETB1 zer izan zitekeen edo zer izan beharko lukeen eta zer ez den pentsatuz gero, baina ordu ederrak pasatzen ere laguntzen digu. Ez da egia, batzuetan amorruak hori esatera bultzatzen bagaitu ere, ETB1ek ez duela ganorazko ezer eskaintzen. Herenegun iluntzean, adibidez, hiru erreportaje interesgarri ikusi genituen oso denbora gutxian.

Lehenik, hainbat gaztek pandemiaren ondorioak nola bizitzen eta jasaten dituzten erakutsi zigun Ur handitan saioak, eta gazteek behin eta berriz nabarmendu ziguten ez dela ez zentzuzkoa eta ez bidezkoa gazteak arduragabetzat eta erruduntzat jotzea. Argi dago, ordea, belaunaldiz belaunaldi errepikatzen den joera dela.

Ondoren, Ekilibrismoaren artea eman zuen ETB1ek, Larraitz Zuazok eta Ane Rotaetxek zuzendutako dokumentala, pandemiak lau diziplinatako beste horrenbeste artistari nola eragin dien eta eragiten dien erakusten duena: Iñaki Igon Garitaonaindia Gari musikaria, Erlea Maneros Zabala artista plastikoa, Katixa Agirre idazlea eta Ainhoa Artetxe aktorea. Lehendik ere agerian zegoena are nabarmenago erakusten ari da pandemia haien ustez: kultura, gure gizartean, «lehengusu urruna» dela, Gariren hitzetan esanda.

Azkenik, last but not least, Helburua saioaren atal baten txanda izan zen, aski interesgarria hori ere, Thembi Kgatlana Eibar futbol taldeko jokalaria hegoafrikarrari eta Agurtzane Elorriaga txirrindulari ohi eta kirol zuzendariari eskainia. Nork bere kirolarekiko pasioa transmititu zuten biek, apal baina irmo. Saio hori errepikapena zen eta berandu eman zuten, baina aurreko biak ikusi izanak telebista aurrean jarraitzeko gogoa ematen zuen.

Pena da ETB1ek 21:00etatik 21:30erako tartea hain abandonatua izatea, hortik aurrerakoa, Eztabaidan saioa barne, maila oneko eskaintza izan baitzen, eta harrera hobea izan baitzezakeen lehentxeago hasita. Baina hor berriro ere kexen atalean sartzen gara, eta gaurko ekografia-ren asmoa kontrakoa da, esatea batzuetan gozamena ere badela ETB1 ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.