Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Hitlerren txakurra

2020ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Entzun al duzu Raul Cimas Hitlerren txakurra izan zenekoa kontatzen? Andreu Buenafuente aurkezleari kontatzen dionez, lagun baten bidez Anthony Beige izeneko psiko-magoa ezagutu omen zuen Cimasek, eta haren emanaldi baten ondoren kamerinora joan zitzaion bisitan, lagunarekin batera. Kamerinoan, azkenaldian izaten ari zen bizkarreko minak aipatu zizkion Cimasek Beigeri, eta psiko-magoak esan zion min horiek aurreko bizitzaren ondorio direla, Cimas aurreko bizitzan Hitlerren txakurra izan zelako.

«Hitlerrek besoa altxatzen zuen bakoitzean nik gora jauzi egiten nuen, pentsatuz niretzako zerbait zeukala eskuan, eta hainbeste jauzirekin bizkarra hondatu nuen hurrengo bizitzetarako», azaltzen dio Cimasek Buenafuenteri.

Nire idatzizko kontaketa horren aldean askoz ere bizi eta barregarriagoa da, jakina, Cimasen ahozko narrazioa.

Hitlerren txakurrarena ona da, baina RAE Espainiako Hizkuntza Akademian nola sartu zen kontatzen duena antologikoa, bereziki kontaketan Arturo Perez Reverte idazlea agertzen den unea...

Ez dut inoiz Cimas telebistan ikusi, baina ordenagailuan askotan. Lanaldi luzeetan atseden tarteak hartzeko primerakoa da. Konturatu gabe iritsi naiz telebista ikusteko modu horretara. Movistar Plus plataformako Late Motiv saiokoak (omen) dira Cimasen agerraldi horiek —Hitlerren txakurrarena eta RAEn sartu zenekoa— eta beste hainbat, baina nik sarean ikusi ditut, Facebookek, nik eskatu gabe, ordenagailuko pantailara ekarrita, Facebookek ondo baitaki Cimasen umorea oso gustuko dudala.

Bitxia da. Hari buruz ezer jakin gabe, inoren aholkurik jaso gabe, hari buruz inorekin hitz egin gabe, bilatu gabe eta telebista ikusi gabe ezagutu dut Raul Cimas. Nahikoa izan da saio bat kasualitatez ikusi, gustuko izan, eta hortik aurrera algoritmoek ireki didate bidea.

Zergatik gustatzen zait Raul Cimas? Zorakeriarik ergelena logikoa ez ezik normala, sinesgarria eta are saihetsezina ere balitz bezala kontatzeko duen modu espanturik gabeko horrengatik ote da? Hori esatea ezer ez esatearen parekoa da, ordea. Cimas ikus-entzun egin behar da. Ez galdetu noiz eta nola, baina zuk ere egin dezakezu. Gaur egun, izan ere, telebista ikusteko modu asko dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.