Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Eskubideei gola

2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Partida hastear dago. Munduko futbol selekzio gehienak prest daude bi aste barru hasiko den futbol lehiaketarako. Denak Qatarrera bidean jarri diren bitartean, giza eskubideen alde lan egiten duten erakundeak Qatarren gertatzen diren urraketak salatzen ari dira. Qatarren, emakumeen eskubideak oso murritzak dira, eta homosexuala izateagatik kartzela zigorrak ezartzen dituzte. Eskubide urraketa larri horiez gain, langileek eskubide gutxi dituzte.

Qatarreko Munduko Koparako eraiki diren estadio guztiak oso bizkor egin dituzte. Eraikuntzaren mirari bat dela esan dute batzuek. Mirari hori lortzeko teknika berririk ez da sortu. Eraikuntzan egon diren langileen eskubideak modu bortitzean urratu dira eta langileen segurtasuna arriskuan jarri da une oro, mirari hori lortzeko. Langile gehienak atzerritarrak dira, batez ere Bangladesh, India, Nepal, Kenya eta Filipinetatik joandako langileak. Langile horien egoeraren inguruko erreportaje bat egin dute La1 kateko Informe semanal saioan. Qatar 2022, balones fuera erreportajean, Qatarreko estadioak eraikitzeko lanetan aritutako langile batzuekin hitz egin dute. Hartan, pasaportea kendu zietela salatu dute. Horrez gain, tenperatura altuekin lan egin behar izan dute eta lanaldi amaigabeak egitera behartu dituzte. Egoera horren ondorioz, langile asko hil egin dira eraikuntza lanetan. The Guardian-ek egindako ikerketa baten arabera, 6.500 langile hil dira eraikuntza lan horietan. Egoera salatzeko, Alemaniako talde batzuek protesta egin dute joan den asteburuan.

Qatarreko estadioen argiak piztu egingo dira bi aste barru, eta, mundu osoko telebistetan, ikusiena izango da zalantzarik gabe. Baloiak aurrera egingo du eta mundu osoko gizonezko futbol jokalariak haren atzetik korrika ibiliko dira. Askorentzat, ibilbide profesionaleko amets bat izango da han biziko dutena. Bitartean, zenbat pertsonak sufritu dute? Doha ingurura joan ziren langile askok amesgaizto bat bizi dute azken urteetan, eta asko ezin izan dira etxera bueltatu. Ez dakit zein selekziok sartuko duen lehen gola eta zeinek irabaziko duen, baina Qatarrek bere irudia zuritzeko egindako sakea gol bihurtzeko bidean dago, eta atearen barrura sartzeko aukera guztiak ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.