Asteon jarriko dute martxan Zubietako TMB planta

Erraustegia udazkenerako martxan egotea nahi du aldundiak, eta udan probetan hastea. Kontratua aldatu dute, epeak aurreratzeko

Zubietako erraustegiaren lanak, otsailaren 22ko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Hondakinen tratamendu mekaniko-biologikoko planta (TMB) aste honetan hasiko da funtzionatzen, Zubietan (Gipuzkoa), GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ohar bidez jakinarazi duenez. «Aurreikusita zegoen baino lehen» jarriko dute martxan, eta, hori hala izan dadin, kontratua «berritu» behar izan dute. Horixe proposatu zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok GHKren batzarrean, eta hango kideek onartu egin zuten, %71,4ren babesarekin.

Hasierako asmoa zen TMB planta lanean jartzea ingurune berean eraikitzen ari diren beste azpiegiturekin batera: erraustegiarekin, biometanizatze plataformarekin eta errautsak ontzekoarekin, bereziki. GHKren arabera, obraren %75 egina dago jada: nahi dute azpiegitura osoa udazkenerako bukatzea, eta ekainean probetan hastea. TMB planta lehenagotik arituko da lanean: aste honetan hasi, eta bi hilabeteko probaldia egingo dute. Azaldu dutenez, uztailaren 3an egongo da bete-betean.

Birziklatu eta pisua gutxitu

Aldundiko eta GHK-ko agintarien arabera, material batzuk berreskuratzea eta errefusaren pisua gutxitzea lortuko dute TMB plantaren bidez. Aurreikusten dute hara eramango dituzten hondakinen %8-10 birziklatu ahal izango dituztela. Eta xede dute laster %60ko birziklatze tasara iristea Gipuzkoan; 2018ko datuen arabera, %52koa zen.

Birziklatzeaz batera, GHK-k uste du TMB planta martxan jarrita «nabarmen» gutxituko dela zabortegietara eramaten den errefusa: materialak bereizi eta 15-20 eguneko lehortze prozesu baten ondoren horren pisua %25 inguru jaistea lortuko dutela.

Hala, GHK-k aurreikusten du 2019an Gipuzkoak 150.000 tona errefus sortzea eta TMBtik pasatu ondoren 105.000koa izatea kantitatea. Asmoa da Zubietako errauste planta amaitzean han erretzea hori dena: 200.000 tonarako ahalmena duen erraustegi bat eraikitzen ari dira; hots, Gipuzkoan sortutako errefus kantitatea halako bi hartzeko gai izango dena.

GHK-k azaldu du errauste planta egin bitartean Mutiloako zabortegira (Gipuzkoa) eta Zabalgarbira (Bizkaia) eramango dituztela hondakin horiek. Erakunde horren arabera, Bizkaira eramaten den zabor kantitatea gutxitu ahal izango dute TMB plantarekin; 83.600 kilometro gutxiago egingo dituzte hondakinak garraiatzen, eta 889.761 euro aurreztuko dituzte, besteak beste.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak esan du «albiste ezin hobea» dela planta martxan jartzea. Azpimarratu du Zubietako azpiegitura osorik amaitzean Gipuzkoak «berreskuratu» egingo duela hondakinen kudeaketa «autonomoa», eta azken urteetako «amesgaiztoaren bukaera» ekarriko duela.

EH Bilduren agintaldian (2011-2015), gelditu egin zuten aurreko gobernuak (EAJ) hasiriko egitasmoa, erraustegia egiten ari zen enpresekin kontratua etenda. Baina, duela lau urte, EAJ-PSE gobernuak lanak hasi zituen berriz. Aurtengo martxoan, EAJk, PSEk eta PPk onartu egin zuten erraustegia oinarri duen 2019-2030 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.