Okupatu, lurraren alde

Hainbat eragilek dei egin dute egun 18:00etan Kanboko Marieneko lurretara joateko. Manifestazioa eginen dute bihar goizean

Marieneko etxebizitza proiektuaren aurkako manifestazioa. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Kanboko Marieneko laborantza lurretan (Lapurdi) plantatuko dira ekintzaileak asteburu honetan. Gaur arratsalderako jarri dute ordua, 18:00etan, mobilizazio asteburua hasteko. Badira urte batzuk hainbat kolektibo protestan ari direla Bouygues Immobilier enpresaren eraikuntza proiektu bati aurre egiteko, eta, afera justiziaren aitzinera eraman ondotik, okupazio asteburu bat antolatzea deliberatu dute.

Hasieran, ELBk, Lurzaindiak, Ostia kolektiboak eta Kanboko ezkerreko abertzaleen Nahi Dugun Herria talde politikoak parte hartzeko deia egin zuten. Aste honetan, FDSEA eta Jeunes Agriculteurs laborari sindikatuek ere bat egin dute okupazioarekin, «laborantza lurren defentsan» aritzeko. Bakan gertatzen da bi sindikatu horiek ELBrekin batean agertzea deialdi batean.

Auzitegitik okupaziora

Bataila juridikoa Paueko Auzitegi Administratiboan (Biarno) hasi zuten Lurzaindiak, Cadek eta Nahi Dugun Herria taldeak. Kanboko Tokiko Hirigintza Plana auzitan ezarri zuten, Bouygues enpresak duen eraikuntza proiektua oztopatzeko. Uda honetan, ordea, epaileak atzera bota zuen errekurtsoa, argudiatuta ezin dela frogatu Marieneko lurren laborantzarako izaera.

Erabakia «ulertezina» egin zaie eragileei, eta dei egitea deliberatu dute. Izan ere, gaur egun, Ossau-Irati sor-markaren barruan ari den laborari batek baliatzen ditu lur horiek. Helegitearen erantzunaren beha daude orain. Aldi berean, Cadek Bouygues Immobilier enpresak pausatutako eraikitzeko baimena auzitan ezarri du, eta erantzunaren beha daude horiek ere.

Auzitegien erabakien gainetik, eragileek Marieneko laborantza lurrak atxikitzeko beharra azpimarratu dute, eta, horretarako, hango lurretan egonen dira arratsalde honetatik igandera bitarte.Egun, hasierako ekitaldia eginen dute, 18:00etan. Bihar goizeko 10:00etarako, berriz, manifestazioa antolatu dute Kanboko Herriko Etxetik lurretaraino. FDSEA eta JA sindikatuek ere bat egin dute manifestazio deialdiarekin, eta 09:30erako jarri dute ordua, Kanboko Arnagako aparkalekuan, barraskilo operazioa egiteko, herriko etxeraino. Ondotik, herri bazkaria eginen dute lurretan, eta, arratsaldean, topaketak eta hitzaldiak izanen dira Marienean. Igandean, hitzaldiekin segituko dute; besteak beste, Arbonako Berruetako afera aipagai izanez. 13:00etan, okupazioaren bukaerako ekitaldia eginen dute, eta erran dute kanpamentua arratsalderako desmuntatuko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.