Medikuntza eskainiko dute NUPen hurrengo ikasturtean

Espainiako Kalitate eta Ebaluaziorako Agentziak NUPen eskaria onetsi duela jakin ostean, Maria Solanak berria baieztatu du. 60 ikaslerentzako tokia izango dute graduan

Ikasleak NUPen, Arrosadiko campusean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Erredakzioa
Iruñea
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak gertuago du medikuntza ikasketak eskaini ahal izateko helburua. Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak joan den astean erabaki zuen medikuntza graduaren ikasketa plana jasotzen duen txostena bidaltzea ANECA Espainiako Kalitate eta Akreditazio Ebaluaziorako Agentziara. Haren onarpena badu. Herenegun jaso zuen: unibertsitateak Ramon Gonzalo errektoretzarako hautatu zuen egun berean, hain zuzen ere. Horiek horrela, Nafarroako Gobernuko eledun Maria Solanak atzo baieztatu zuen hurrengo matrikulazio aldian medikuntza aukeren artean izango dela. Eskariak Espainiako Unibertsitate Kontseiluaren oniritzia behar du orain, eta Nafarroako Gobernuaren baimena ere bai. Ez dirudi hori traba izango denik. Izan ere, Uxue Barkos lehendakariak hainbatetan eskatu du NUPen medikuntza ikasketak abian jartzea. Gobernuaren baimena, hain justu, hurrengo asteko gobernu bilkuran ematea espero da.

Falta diren urratsak eginda, NUPek datorren ikasturtean jarriko ditu martxan medikuntza ikasketak. 60 lekurekin hasiko du gradu berria, gaztelaniaz. Medikuntza fakultaterako eraikina oraindik amaitu gabe dagoenez, Erizaintza fakultatean hasiko dira eskolak ematen. Jakinarazi dute Medikuntza fakultate berria irekitzeko bi urte beharko direla.

«Anbizio» erakusgarri

Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak garrantzia aitortu dio NUPek 2019-2020ko ikasturtean medikuntza gradua eskaintzeko egindako bideari. Haren esanetan, «asmo handiko» egitasmoa da. «Lan zurrunbilotsua izan da, garrantzitsua eta asmo handikoa, Nafarroarengatik anbizioz lan egitearen beste adibide bat», adierazi du. Barkosek gaineratu du jarrera berarekin jarraituko dutela lanean, esaterako, Nafarroak trafiko eskumena lor dezan. Uste du legealdia amaitu aurretik lortzeko garaiz ari direla oraindik. Maria Solanak «poza» azaldu du, eta nabarmendu du unibertsitateko eskaintza berria lehendik dagoena «biribiltzera» datorrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.