Inoizko handiena da berotegi efektuko gasen kontzentrazioa

Munduko Meteorologia Erakundeak ohartarazi du karbono dioxidoaren kontzentrazio maila inoizko handiena

Klima aldaketaren kontrako manifestazioa, irailean, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Karbono dioxidoa (CO2) da berotegi efektuan gehien eragiten duen gasa, eta Munduko Meteorologia Erakundeak datu kezkagarriak eman ditu: gizakia existitzen denetik, gas horren kontzentrazioa inoizko handiena izan da 2018an. Atzo argitaratu zuen urteroko txostena, eta, Petteri Taalas erakundeko idazkari nagusiak adierazi duenez, orain dela hiru-bost milioi urte izan ziren karbono dioxidoaren kontzentrazio mailak horren handiak. Orduan, gainera, tenperatura orain baino bi edo hiru gradu beroagoa zen, eta itsasoaren maila egun baino 10 eta 20 metro bitarte handiagoa.

Igoera nabarmena izan da. Karbono dioxidoaren batez besteko metaketa milioiko 407,8 zatikoa izan da 2018an, 2017an baino %0,56 handiagoa; milioiko 405,5ekoa izan zen orduan. Halaber, industriaurreko kontzentraziotik %147ko igoera izan du. Arazoaren larritasuna azpimarratu du Taalasek: «Karbono dioxidoak mendeak iraun ditzake atmosferan, eta oraindik gehiago ozeanoetan». 2015ean gainditu zen kontzentrazioaren milioiko 400 zatiren langa.

Alta, gas horren kontzentrazio maila ez da kezka bakarra: metanoak eta oxido nitrosoak ere, esaterako, nabarmen egin dute gora. Egun, metanoa da berotegi efektua eragiten duen bigarren gasnagusia, eta datuak ez dira positiboak: milioiko 1,86 zatikoa izan da 2018an, inoizko handiena hori ere; industriaurretik %259 hazi da.

«Ez badugu ezer egiten batez besteko tenperatura hiru eta bost gradu bitartean haziko da mende honen amaierarako», deitoratu du Taalasek. Gogoratu du 2100. urterako tenperatura 1,5 gradu igoz gero, klima hondamendiak ugariagoak izango direla zientifikoen ustez.

Nazio Batuaren Erakundearen agentziak ohartarazi duenez, belaunaldi berriek klima aldaketaren «geroz eta ondorio larriagoei» egin beharko diete aurre. Besteak beste, tenperaturen igoera, fenomeno meteorologiko muturrekoagoak, estres hidrikoa edota itsasoaren mailaren igoera aipatu dituzte.

Taalasek azaldu du Parisko Akordioan erdietsitako konpromisoek ez dutela eraginik izan: «Ez dirudi gas isurien dezelerazioa egongo denik, eta are gutxiago gutxitze bat». Horrela, ekintzen bidez erantzutea ezinbestekoa dela dio: «Beharrezkoa da guztion ahalegina. Asmo handiagoko helburuak jarri behar ditugu gizateriaren etorkizuneko ongizatea bermatzeko». 2015ean Parisen bildutakoek helburu nagusi bat ezarri zuten: Lurraren tenperatura bi gradu baino gutxiago handitzea 2100. urterako

Energia gastuan jarri du fokua Taalasek. Izan ere, lortzen den energiaren %85 erregai fosiletatik dator. Hau da, petroliotik, ikatzetik eta gasetik. Aldiz, %15 soilik lortzen da iturri berriztagarrietatik, hidrogenotik edota zentral nuklearretatik. «Deforestazioa gelditzea ere beharrezkoa da. Hori da gas isurien %12ren eragilea», gaineratu du.

NBEk abenduaren 2tik 13ra bitartean egingo du COP25 klima aldaketaren inguruko goi bilera, Madrilen. Berez, Txileri egokitzen zitzaion aurtengoa antolatzea, baina herrialdearen ezegonkortasun politikoak eragin zuen aldaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.