Iratzargailua joka dauka

Azken hiru lehietan puntu bakarra batu ostean, suspertzen saiatuko da Alaves Espanyolen zelaian, gaur. Martin eta Pina zigortuta daude

enaut agirrebengoa
2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Europarantz abiada bizian zihoan Alaves, baina lokartu egin da azken etenaldiaren ostean. Galdu egin du Atletico Madril eta Sevillaren kontra, eta berdindu Leganesen aurka. Bada, lo jarraituz gero, ihes egingo dio trenak. Joka dauka iratzargailua, eta gaur aukera ona du iratzartzeko, Espanyolen zelaian. Gasteiztarrak zazpigarren daude gaur-gaurkoz, Europa Ligako postuetatik puntu bakarrera. Irabaziz gero, borrokan bete-betean jarraituko dute sartuta; berriz ere kale eginda, ordea, aurrea har diezaiekete Athleticek eta Betisek, eta bi puntu eskasera gerturatu dakizkieke Reala eta Leganes.

Alavesek 17 urte daramatza Espanyolen zelaian irabazi gabe, eta kataluniarrak sendo dabiltza etxean sasoi honetan. Edonola ere, arabarrak ez dira kamutsak etxetik at. Bigarren itzulian, Mendizorrotzan baino hobeto dabiltza Gasteiztik kanpo: zazpi puntu batu dituzte sei lehiatan. Horretaz landa, estilo erasokorra dauka Espanyolek, eta hori kontraerasoetan min egiteko balia dezake Abelardok zuzentzen duen taldeak. Hain zuzen ere, partida «irekia» izango dela uste du Alaveseko teknikariak, eta erasoan gasteiztarrak azken partidetan baino «zorrotzago» aritzea espero du.

Abelardok ezingo ditu zelairatu Martin Agirregabiria eta Tomas Pina, zigorra bete behar baitute. Atzelariaren tokia Ximo Navarrok hartuko du, eta erdilariarena, ziur aski, Brasanacek. Serbiarrak Manu Garcia edo Wakasorekin batera jokatuko du zelai-erdian. Bestalde, bueltan da Guillermo Maripan, orkatileko lesiotik osatu eta gero, eta litekeena da gaur hasieratik aritzea. Atzelari txiletarrak Rodrigo Ely ordeztuko du.

Ez da beste aldaketarik espero hamaikakoan, baina «ezusteren bat» egon daitekeela adierazi zuen Abelardok. Akaso, titular izateko aukera emango die John Guidettiri edo Diego Rolani. Aurrealdean finkoak dira Borja Baston eta Jonathan Calleri, baina gozakaitz dabiltza azken jardunaldietan aurkarien ate aurrean.

ESPANYOL-ALAVES

Espanyol. Diego Lopez; Javi Lopez, Hermoso, Naldo, Pedrosa;

Granero, Roca, Darder; Melendo, Borja Iglesias eta Wu Lei.

Alaves. Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Maripan, Duarte; Darko, Manu, Jony, Inui; Baston eta Calleri.

Epailea. Iglesias Villanueva.

Lekua. Cornella-Prat (40.500 ikusle).

Ordua. 13:00etan (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.