Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Felipe VI.aren diskurtsoa

2019ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako erregeak Gabon gauez egin ohi duen diskurtsoak garrantzi handia du. Batetik, telebistaz, irratiz zein Internetez ematen dutelako aldi berean;prime time ordutegian (21:00etan). Eta, bestetik, Espainiako komunikabide publikoetan derrigor jartzeaz gain (TVEko kate guztietan, TVE en Directo atari digitalean eta RNE1n), hainbat komunikabide pribatuk ere Felipe VI.aren diskurtsoa programatzeko hautua egiten dute. LaSextak, Antena3ek, Cuatrok, Telecincok eta Trecek, besteak beste. Autonomia erkidegoetako telebista publikoei zein pribatuei ere diskurtsoa emateko aukera eskaintzen zaie. Horien artean, EITB da salbuespena; izan ere, ez du diskurtsorik eskaintzen kanal batean ere. Azkeneko aldiz 2011n egin zuen, Patxi Lopez lehendakari zela. Aurtengo diskurtsoa, bestalde, 7,5 milioi ikuslek jarraitu dute telebistaz (%65eko ikusle kuota).

Astearteko diskurtsoa Espainiako Gobernu berriaren aurkako mezu garbia izan zen. Eskuin muturreko alderdi politiko batek idatzia balitz bezala. Hamabi minutu eta erdiko mitinean, Felipe VI.ak Espainiako konstituzioa eta lurralde batasuna azpimarratu zituen. Eta bide horretan, Kataluniako auzia «arazo larria» dela adierazi.

Egunkari honek jaso duenez, Espainiako estatuburuak esandakoekin kritiko mintzatu dira hainbat euskal politikari. Alderdi jeltzaleko Aitor Estebanen arabera, Felipe VI.ak ez zuen «Euskadi aipatu ere egin»; eta «Kataluniaz gehiegi sakondu gabe, kezka bat dela» esan zuen. Mertxe Aizpurua EH Bilduko kideak, berriz, Espainiako erregeari «plurinazionalitateaz» hitz egitea «ahaztu» zitzaiola esan du. «Agerian» utziz «egiturazko krisian dagoela Espainiako Estatua».

Diskurtsoaren arazoa, ordea, ez da hori; baizik eta Espainiako erregeak politika gaiez hitz egitea. Hau da, nork aukeratzen ditu erregeak eta erreginak? Inork ez. Odol eta familia arrazoiengatik daude leku horretan. Ondorioz, monarkiek ez daukate zilegitasun demokratikorik. Felipe VI.ak iritzi politikoak alde batera utzi beharko lituzke bere Gabonetako diskurtsoetan. Adibidez, Erresuma Batuko erreginaren ereduari jarraituz: herrialdearen iraganeko gertakari garrantzitsuak gogoratuz, izandako biloba berriak aipatuz, urtean parte hartutako egitasmoak laburtuz edota hamarkada berrirako dituen asmoak azalduz. Hitz bitan: politikarik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.