Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Ura eskuetan

2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Gero eta zailagoa da zenbait proiektu lagun bati taxuz azaltzea. Euskalgintzan, kulturgintzan... (ia) dena da likidoa, abstraktu samarra, ukiezina, aldakorra. Garaien isla izango da, baina hala da. Komunikazio arduradunen amesgaiztoa izanagatik, ona ere izan daiteke: deskribatzen zailak badira, lan edo zeregin bakarrari heltzen ez diotelako da, anitzak eta malguak direlako.

Hala gertatzen da gaur zutabe honetan aipatu nahi nukeen proiektuarekin. Sutan Bang kolektiboa dute izena, eta, Twitterren diotenez, «eduki digitalak euskaraz sortzeko elkartu diren friki kuadrilla bat» dira. Azken bizpahiru urteetan, hainbat saio eta formatu probatu dituzte—dela Youtuben, dela podcastez, dela Twitchen—, jarraipen luzerik eman gabe bada ere. Horrek ez die meriturik kentzen: gutxi dira ikus-entzunezko alorrean oso baliabide gutxi izanda ere probatu eta esperimentatuz trebatzeko ahalegina egiten dutenak. Bejondeiela. Formatu horien artean, bigarren denboraldia hasi berri duen Esku artean saioak piztu dit niri Sutan Bang ahotan hartzeko gogoa. Literaturaren bueltako bideo-podcasta da, Amalia Ibargutxik eta Garazi Rezabalek aurkezten dute. Ez du, ordea, literatur saioek izan ohi duten tonua, ez formatua. Bien arteko solasaldi informala da oinarria, eta lagunarteko konplizitate horri tiraka, umore finarekin hurbiltzen dira irakurri dituzten liburuetara. Ez du aseko behar bada literaturazale akademikoenen egarria, baina hobe. Esku artean literatur saio bat baino gehiago baita. Estirando el chicle eta Deforme semanal sarituak laudatu ditugu denok dagoeneko. Bada, Euskal Herrian gisako zerbait bilatu nahi duenak —bere hastapenetan bada ere— badu non jarri begia edo belarria.

Aipatzeko beste kontu bat bada: bigarren denboraldi hori 2deon ari dira egiten, Donostiako Tabakaleran dagoen «ikus-entzunezko laborategian». Ez haiek bakarrik, Polainak podcasta zein Klak gazte hedabidea ere ari dira espazio hori baliatzen. Telesailak garatzeko egindako deialdian, hautatutako hiru proiektutik bi gaztelaniaz idatziak izateak nahiko etsipen eragin zidan orain gutxi. Baina azkeneko erabaki honek merezi du errekonozimendua. Ibil Bedi parafraseatuz, hauxe da 2deo zuzena: laguntzen diena baliabide gutxi baina gogoa eta ideiak soberan dituzten gazteei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.