Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Feminismoaren izenean

2022ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Lehiaketen helburua aurkezten diren kideen artean lehia egotea izaten da. Lehia hori polita izan daiteke eta lehiakide bakoitzak bere jardunaren onena atera dezake helburu horri esker. Lehiakideen harremanak oso onak izan daitezke eta lagunak egin daitezke lehia horretan. Horren adibide, emakumezkoen Espainiako Superkoparen futbol lehiaketan izan genuen. Finalaren ostean, Bartzelonako jokalariek Atletico Madrileko Virginia Torrecilla jokalaria jaso zuten. Jokalariak bi urte zeramatzan lehiaketatik kanpo, tumore baten eraginez, eta egun horretan itzuli egin zen. Bere lehiakideek itzulera ospatu zuten, eta horrelako adibideak goraipatu behar dira, zoritxarrez ez direlako nahiko ohikoak.

Zutabea idatzi baino lehenago zalantza asko izan ditut gaia aukeratzerakoan. Ondo pentsatu ostean, Benidorm Fest jaialdiaren ondorioz gertatu den eztabaidaren inguruan hausnarketa egin nahi dut hemen; Benidormen gertatutakoa Bartzelonako jokalarien jarreraren aurkakoa izan da eta. Jaialdi horren helburua RTVEk Eurovision jaialdirako hautagaia aukeratzea zen, etaRTVEren audientzia handitzea. Bi helburuak lortu dituela argi geratu da, baina oihartzun handiegia sortu du jaialdiak. Publikoaren artean bi abeslari faborito zeuden: alde batetik, Rigoberta Bandini, amatasuna eta titiak aldarrikatzen dituena eta, bestetik, Galiziako Tanxugueiras, galegoz egindako abesti batekin. Bi proposamen horien zaleak asko haserretu dira irabazlearen izena jakin dutenean. Chanelek dantzatzeko abesti bat proposatu zuen eta epaimahaiak garaipena eman zion. Rigoberta Bandiniren eta Tanxugueirasen zaleek Chanelen garaipenaren aurka mezu eta iritzi asko idatzi dituzte eta, horren ondorioz, Chanelek bere Twitter kontua itxi duela esan du.

Feminismoaren izenean Chanelen aurkako mezu asko irakurri ditut sare sozialetan, eta ezin ditut ulertu horrelako mezuak. Niretzat, feminismoak denok elkar laguntzea izan beharko luke, eta, mezu hain negatiboak idatzi ordez, irabazlea txalotu beharko genuke. Horrez gain, mezu horietan arrazakeria pixka bat dagoela ere esan daiteke. Reggaeton musikak gutxiespen iritziak sortzen ditu oraindik, eta ezin dugu ahaztu Chanel Kuban jaio zela.

Emma Goldmanek esaten zuen bezala, «dantzatu ezin badut, ez da nire iraultza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.