Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Lucio

2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Lucio. Lucio Urtubia, nor bestela. Euskal Herriaren historia garaikideak eman ditu bizialdi epiko, arantzatsu eta harrigarri zenbait. Ezagutzen ditugu bakan batzuk. Beste asko klandestinoki edo anonimotasunean garatu dira. Ezkutukoak izango dira garai berriagoek zenbait hizketagai zabaldu arte. Baina agerian edo ez, inor gutxik du, seguru nago, Lucio Urtubia anarkistak izan zuena bezain bizitza kontagarria.

Ez naiz, bistan da, ohartzen lehena. Urtubiaren ibilbidea publiko orokorrari ezagutarazi zuena Moriartiko kideek 2007an ondutako dokumentala da. Mikel Santos Belatz-ek ere, Gerezi denbora izeneko komikian, haren bizipenak jaso zituen. Baina bada oraindik haren berri ez duenik; baita bizitza hori kontatzeko modu berriak esploratzeko aukerarik ere. Hori da, ziur asko, Itxi liburuak saioko lantaldeak pentsatu duena. Denboraldi berriko saioetako bat eskaini diote.

ETB2ko reality-rik ezagunena irabazitako Mikel Perez izan da gaian arakatzeko hautatu duten pertsona. Ohiko ikasgela inprimategi batekin ordezkatu dute, eta bertan eman du Perezek Gaizka Arangurenekin batera ezagutu dituen xehetasunen berri. First National City Bank banku erraldoiari egindako iruzurra, Che Guevararekin izan zuen harremana... Gaia den bezain zirraragarria izanda, beste saio batzuetan baino zuku txikiagoa atera diotela esango nuke. Ekarpenik bereziena, ordea, Urtubiaren alabaren agerpena da. Beste geruza eta begirada intimoago bat gehitu dio aitaren historia epikoari.

Aurrera begira ere bada militante anarkistaren deigarritasuna zukutu nahi duenik. Netflixen babesean, Un hombre de acción film luzea zuzentzen ari da Javier Ruiz Caldera. Superlópez eta gisako komedia baldar samarrak zuzendu ditu; ikusteko dago Lucioren bizipenak anekdota umoretsu kate huts bilakatuko ez ote dituen. Aktorearen hautaketak ere eragin du erreakzio soka. Juan Jose Ballestak egingo du Urtubiarena. Superpop edo Bravo-ren irakurle ohiek ondo ezagutuko dute. Irrika adina beldur piztu beharko lukeen film horri aurreratu zaiolako besterik ez bada ere, estimatzekoa da Itxi liburuak saioak gaiari heldu izana. Gehiago jakiteko irrikaz utzi badu inor, protagonistak berak bizi artean esandakoak entzutea du onena: 2007ko Lucio dokumentalean, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.