gorka julio
IRLEN SAREA

Dirua irabazi nahi?

2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Dirua irabazi nahi duzu? Zure hiriarekin kolaboratu eskariak banatuz, ordutegi malguarekin. Hasi eta utzi, nahi duzunean. Zortzi euro/ordua irabaztera irits zaitezke». Horrela dio Donostiako Ibaetako kanpuseko kartel batek.

Ez da broma bat, plataforma kapitalismoaren basakeria prekarizatzailearen beste kasu bat baizik. Bilbora aspaldi iritsi ziren, baina orain Donostiara ere zabaltzeko intentzioa du Glovo enpresak. Aplikazio baten bidez, eskariak bidali eta horiek betetzeko prest dagoen jendea bilatzen dute, esklabotzatik gertuko baldintzetan.

Enpresa eredu berri horrek, programatutako algoritmoen bidez, zerbait jaso nahi duten pertsonak eta hori bertara eramateko prest daudenen zerbitzuak lotzea dute helburu. Tartean, hori bai, pertsona horien lan eskubideak albo batera utziz. Ezkutatu nahi badute ere, zerbitzua ematen duten pertsonak, —glover deiturikoak— langileak direlako.

Prekarietatearen aurka lanean diharduen Eragin taldeak aspaldi salatu zituen halako enpresen praktikak: autonomo bezala alta ematera behartzen dituzte langileak, istripuak eta gerta daitezkeen arazoak langilearen kontura doaz, baja aukerarik gabe, demanda ordu zehatzak izaten dituzte, ordutegiak eta prezioak enpresak berak zehazten ditu eta lan kotizazioak, opor egunak, kaleratzeagatik kalte ordainak aurrezten ditu enpresak.

Lan horietan dabilen jendea elkarrizketatu eta bideoan grabatu zuten, eta orain Itsulapikoa.eus webgunean beraien lanarekin jarraitzeko auzolaguntza kanpaina dute abian.

Hiri handietan ezagunak dira aspalditik, baina Bartzelonan kritikatik harago joan dira eta enpresa horietan dauden zenbait langilek kooperatiba propioa egitea erabaki dute. Beraien duintasunaren bila martxan jarri direla esan daiteke; bide zaila, baina beharrezkoa horrelako ereduei duintasunez aurre egiteko.

Horrelako enpresak gurean ere errotzea denon ardura da, beraien zerbitzuak eskatzen ditugunetatik horretan lan egiten duenetara, baina norbanakoetan begirada pausatzea baino hobe genuke kolektiboki erantzun bat ematen asmatzea. Sindikatuek lan garrantzitsua egin beharko dute, beraien ohiko eremuetatik ateraz. Administrazioek ere paper erabakigarria jokatu beharko lukete.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.