Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Maitasun likidoa

2022ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Aurreko astean La1ko albistegia ikusten ari nintzela, albiste batek nire harridura piztu zuen. Ezkontzen inguruan hitz egin zuten; inkesta baten arabera, azken urteetan ezkontza gutxiago ospatu dira. Datu horiei arrazoiak bilatzen hasi ziren albisterako, eta emakumeen independentzia zen arrazoi garrantzitsuena. Albistegia nire bikotekidearekin ikusten ari nintzen. Biak emakume gara, eta duela hilabete ezkondu egin gara. Albistearen arrazoiak oso argi ulertzen ditut, emakumeen independentziak gizon eta emakumeen arteko harremanen aldaketak ekarri ditu, eta joera argia dago ezkontza gutxiago egoteko gizon eta emakumeen artean. Albisteak bikote heterosexualei egiten zien erreferentzia, eta ezkontza homosexualen inguruko estatistikei ez zieten aipamenik egin.

Albiste horren ostean, nire bikotekidearekin hizketan hasi nintzen, eta maitasun likidoaren teoria aipatu genuen. Teoria horren arabera, postmodernitatearen garai honetan maitasun harremanak iheskorrak, azalekoak dira, eta konpromiso gutxiagoko joera dute. Zygmunt Bauman soziologoaren teoriaren arabera, indibidualismoa dago horren atzean. Gaur egungo kapitalismoak pertsonak beste produktu bat bezala erakusten dizkigu, eta Tinder bezalako aplikazioek pertsonen kontsumo bizkorra izateko aukera ematen digute.

Ezkontzek garrantzia galdu duten garai hauetan, Jateko modukoa (ETB1) bezalako saioak ikustea interesgarri egin zait. Landerrek zutabean saioaren inguruan idatzi zuenean interesa piztu zidan, baina nire burura etorri zen galdera honakoa izan zen: «Homosexualen arteko saiorik egongo al da?». Galdera horren erantzuna hirugarren saioan aurkitu dut, eta, gainera, emakumeen arteko saioa izan da. Aitortu behar dut oraindik ez ditudala heterosexualen arteko saioak ikusi, baina formatu oso atsegina egin zait.

Jateko modukoa saioan «jende berria» ezagutzeko aukera azpimarratzen da une oro. Bitxia egin zait horrela adieraztea, eta, batzuetan, bikotekidea bilatzeko bainoago, lagunak egiteko saio bat dirudi. Agian saiora aurkezten den jendeak ez du bikotekide formalik bilatu nahi, baizik eta momentu on bat pasatu, eta, ligatzeko aukera badago, askoz hobeto. Maitasun likidoaren garai honetan ondo pasatzeko forma guztiak onartzen dira, eta Jateko modukoa-n erabat asmatzen dute horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.