Ez da kalkulagailua behar izan

Unai Laso Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdietan da, Oinatz Bengoetxeak norgehiagoka utzi baitu, min hartuta. Jokin Altuna izango du aurkari. Peio Etxeberria-Jaka lehia jokatu da gaur

Unai Laso Oinatz Bengoetxeak zabalean utzitako pilota baten bila, atzo Labriten jokatutako norgehiagokan. IÑIGO URIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Unai Laso lau eta erdiko finalerdietan da. Ez berak nahi zuen bezala, Oinatz Bengoetxeak ezker ipurmasailean min hartuta utzi baitzuen atzo partida Labriten, Gerendiaingo aurrelaria 11-8 aurretik zela. Partida gogorra eta lehiatua jokatzen ari ziren. Biek zuten jokoan finalerdietarako sailkatzea. Bengoetxeak arriskatuz ekin zion lehiari, Lasok ezin baitzizkion hamahiru tanto baino gehiago egin. Laso, aldiz, serio jokatzen zegoen, bere aukerak baliatuz, eta tantoz tanto bere helburura gerturatuz.

Baina ipurmasailean min hartu eta gero, Bengoetxeak ezin izan zuen segitu. «Ondo sentitzen ari nintzen. Baina ziztada antzeman dut, eta berehala jabetu naiz ezin nuela jarraitu», adierazi zuen lehia amaieran.

Zapore gazi-gozoa zuen Lasok: «Pena izan da horrela amaitzea, partida polita zihoalako. Baina pozik nago finalerdietan egoteagatik». Jokin Altuna izango du kontrario.

Beste finalerdia gaur erabakiko da. Ezkurdiak ziurtatua du lekua. Bestea Peio Etxeberria edo Erik Jaka izango da. Tolosako Beotibarren jokatuko dute gaur elkarren aurka, eta irabazlea finalerdietarako sailkatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.