Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Bayonnetik Bayonara

2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Geure bizitzetan telebista plataformak agertu zirenetik, ohitura berriak barneratu ditugu. Badirudi horietako bat hurrengo telesail handia zein izango den identifikatzea dela. Lost-en garaitik, garai baten mugarri izatea lortzen duen telesaila amaitu bezain pronto, hurrengoa identifikatzeari ekin diote, menpekotasunez, mundu osoko ikusle zein ekoizleek. Indurainek txirrindua zintzilikatu ostean bezala, hurrengo izarra bilatu nahi hori, hautagai askoren kondena izan da, bide batez.

Eztabaida luzea litzateke telesail handi horiek zeintzuk izan diren erabakitzea. Errazagoa da, ordea, azken urteetako telesail garrantzitsuena zein izan den adostea. Bai, Game Of Thrones (HBO). Bai izan duen eraginarengatik, baina baita kudeatu duen aurrekontuagatik ere (nahiz eta izan zuen amaiera izan…).

George R. R. Martinen liburuetan oinarritutako telesaila amaitzean, presa berezia erakutsi zuten plataforma guztiek tronu demak utzitako zuloa betetzeko. Hala ere, horien guztien artean, batek denbora gehiago beharko zuen plan batean sartua zuen gogo eta diru guztia. Amazonek, R. R. baionarra ahaztu (New Jerseyko Bayonnen jaioa da Martin), eta historiako R. R. famatuenari heldu dio telesailen aro berriaren mugarria jarri nahian. Bai, Tolkienen unibertsoa berreskuratuko dute urteetan zehar irautea nahi duten telesail eta spin-off erauntsi bati hasiera emateko.

Sekula ez da halako anbizioko proiekturik martxan jarri, eta are gutxiago halako aurrekontuarekin. Ideia bat egin dezazuen, inoizko denboraldirik garestiena Friendssitcom-aren azkena izan da duela gutxi arte, 120 milioi dolar inguru. Gerora, Got gertu ibili zen, 100 milioi. Hala ere, berriki, beste telesail batek aurreratu ditu: The Crown, 130 milioi. Ba, ahaztu datu hauek, Amazonek gandorra harrotzeko erabiliko duen Eraztunen jaunaren telesail bertsioak 500 milioiko aurrekontua baitu. Erdia, egile eskubideak ordaintzeko, eta gainontzekoa, hitzartuak dauden 5 denboraldietatik lehen biak ekoizteko. Proiektu erraldoiaren buru, J. A. Bayona jarri dute; beraz, hiriburu lapurtarra, berriz ere, tartean dugu. Poztuko ninduke, ordea, aurrekontu gutxiagorekin, eta guk kontatuta, protagonista Baiona izango bagenu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.