Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Gu imajinatzearen garrantzia

2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Ez dakit dakizuen, baina ostirala egun handia izan zen. Azken urteetako sci-fi telesailik handienaren laugarren denboraldia ikusgai jarri zuen Amazon Prime Videok. Bai, gaurkoan ere nire telesail kutunenetako batez hitz egitera natorkizue. Gaur, The Expanse-ren txanda da.

Aste honetan Ihesaldia eskaintzen ari dira errenkadan ETB1en. Aspaldiko partez, euskarazko telesail batez goza dezakegu, eta aspaldiko partez, guk geuk imajinatuko dugu gure burua. Katihotsak edo Atopia bezalako kolektiboek behin eta berriz errepikatu duten moduan, berebiziko garrantzia du gure burua imajinatzeak, guk geuk imajinatu ezean besteek imajinatuko gaituztelako. Garrantzitsua da gure iruditeria eraikitzea, eta, horretan, beharrezkoa da eduki propioak sortzea. Ikus-entzunezkoen alorrean, ez dugu gehiegi izan eraikitze lan horretarako, eta derrigortua ikusi dugu geure burua adreilu, habe eta porlana beste leku batzuetan bilatzera. Horien artean, lehen postuetan, The Expanse kokatu beharrean gaude.

The Expanse etorkizun urrunean kokatzen da. Eguzki sistema bi potentzien arteko lehiaren erdian bizi da, baina oreka oso ahula da. Alde batetik, Lurra dugu, gizakion jaioterria; urdina. Eta, bestetik, Marte, Lurretik ihes egindako kolonoek eraikitako superpotentzia; gorria. Tartean, gerrikotarrak daude: ez batekoak eta ez bestekoak ez direnak, ahaztuak. Aske izateko martxan jarri dezaketen edozein mugimendu edo ekintza terrorismoarekin lotuko dute sistemaren jabe diren bi potentziek, automatikoki, beraien borroka ez-legitimo bilakatuz (badakizue nondik noan, ezta?).

Hori gutxi balitz, telesailak keinuak eskaintzen dizkigu euskaldunoi. Burutik joanda nagoela pentsatzen hasiak zarete jada, lasai, badakit. Alde batetik, hainbat abizen euskaldun ageri dira lehen denboraldietan, baina bada keinu bat, zuek ere ez ikusiarena egin ahal izango ez diozuena. Telesailaren une batean, Bizi Betiko pertsonaia ageri da; eta azti, ez da sekula hiltzen.

Datu horiekin The Expanse ikusten hasteko gogoa piztu ez badizuet, ez dakit nola lor dezakedan. Badaezpada ere, esango dizuet hirugarren denboraldi amaieran Stargate-tik zabaldu zaigun eszenatokirik kitzikagarriena jarri digutela muturren aurrean. Ea merezi duen zukua ateratzen dioten. Beltalowda!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.