Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Patriarkak xake-mate

2021eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Gaur Txilen dut burua. Neoliberalismoa libreki ibili da herrialde horretan azken urteetan, eta desberdintasun handiena dagoen Hego Amerikako herrialdea da gaur egun. Igandean izan ziren bozen ondorioz, bertako egoera aldatu daiteke, baina kapitalismo basatia amaitzea ez da erraza izango.

Horren adibide argia Sucession telesaila da. Aurreko astean amaitu zen hirugarren denboraldia eta amaiera epikoa izan du. Denboraldi honen hasieran, Gerryk eta Shivek zerbait lortzeko aukera izango zutela zirudien, eta emakume horien garaipenaren aukera aurretik ospatu nahi izan nuen duela aste batzuetako zutabean. Denboraldi honetan gauzak ez dira espero bezala igaro, pixkanaka dena aldatu da eta kapitalismo patriarkalak irabazi egin du.

Roy familiaren patriarkaren osasuna okerrera zihoala zirudien, eta telesailaren jarraitzaileek Loganen ondorengoa zein izango zen apustua egin dugu denboraldian zehar. (Spoilerrak datoz). Aita oso ondo baliatu da bere posizioaz, eta bere seme-alabak pixkanaka xahutu egin ditu. Promes faltsuak egin dizkie guztiei eta denek beren aitaren kutuna izan nahi zuten. Dena eman dute horretarako eta beren aitaren traizioa jaso dutenean, batu egin dira aitaren aurka.

Traizioa familiako enpresaren salmentaren bidez gertatu da, eta Roy familiako kideen artean maitasunik ez dagoela agerian geratu da. Azken unean Romanek bere aitari maitasunaren argumentua atera zion salmenta saihesteko, eta Loganek bere maitasuna mespretxatu zuen. Loganentzat dirua da balio bakarra eta bere familia guztiz apurtu du.

Azken uneko mugimendu estrategikoa lortzeko, Logan Shiven senarraz baliatu da. Horri esker, xake-mate magistrala egin die seme-alabei. Denboraldian zehar Shiv eta haren senarraren arteko krisia ikusi dugu. Senarrak Shiv haurdun utzi nahi zuen, baina Shivek etorkizuneko plan bezala ikusten du. Azken unean senarraren arrazoiak agerian geratzen dira, eta patriarkari lagundu egiten dio xake partida berezi honetan. Bederatzi atalen ostean, patriarkatuak irabazi du eta gizon helduak bere zakua gehiago bete du. Bere seme-alaben etorkizuna hankaz gora utzi du, bere langileen etorkizunarekin bat. Liberalismoak irabazi du telesail horretan; Txilen, aldiz, alderantziz izatea espero dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.