EKOGRAFIAK

'Millennial' iruzurgilea

Amaia Garcia.
2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Iruzurgileen istorioak entzutea asko gustatzen zait, eta ez dakit zehazki zergatik. Istorio hauetan dirudunak iruzurgileen trikimailuetan nola erortzen diren ikustea gustatzen zait. Horrelako istorio asko aurki ditzakegu historian zehar. Besteak beste, Bernard Madoffek egindakoak sona handia izan zuen gizartean. Baita fikzioan ere: The Good Fight telesailean aipatzen da edota Wizard of Lies filmean ikus daiteke Madoffek bere iruzur piramidala nola egin zuen.

Aipatu nahi dudan telesailak, aldiz, emakume bat dugu protagonista. Anna Sorokin gazteak New Yorkeko banku, hotel eta pertsona aberatsei iruzur egin zien 2013. urtetik 2017. urtera arte. Urte horietan bankuei diru eskari handiak egiten zizkien, eta bere bizitza pertsona aberatsa izango balitz bezala igaro zuen. Sorokinen iruzurrean oinarrituta dago Inventing Anna telesaila. Bertan, bere kasua gertutik aztertu zuen kazetari batek azalduko digu gazteak egindako iruzur guztia.

Telesailaren formatua oso interesgarria iruditzen zait, Jessica Pressler kazetariak idatzitako artikuluan oinarritzen delako. Horretaz gain, kapitulu bakoitzaren hasieran argi geratzen da errealitatean oinarritutako telesail honek fikziozko puntu batzuk eduki ditzakeela. Hala eta guztiz ere, telesailak kazetaritza ikerkuntza guztia erakusten digu. Vivian Kent da telesaileko kazetari protagonista, eta bere lankideekin elkarlanean millennial belaunaldiko iruzurgilearen inguru guztia elkarrizketatu ostean, bere artikulua nola idazten duen ikusi dugu.

Iruzur mota asko ditugu gaur egun: iruzur piramidalak, online egiten diren iruzur txikiak eta abar. XXI. mendean ziberiruzurrak saihesteko bideak ikasten ere hasi gara, baina telesail honetan ikusten ditugun pertsonak liluratuta geratu ziren Anna Sorokinen itxurarengatik. Ez zekiten arropa garesti horien atzean zorrez betetako kontu korronteak zeudela, eta horregatik erori ziren Sorokinen tranpan.

Sorokin handinahiz beterik ikusten dugu telesailean. Bere Instagram kontuan luxuz beteriko bizitza faltsu baten irudia erakusten zuen. Hori lortzeko, jende askori dirua eskatu behar izan zion eta azkenean kartzelan amaitu zen. Bere irudi faltsuaren biktima izan ziren bere hartzekodunak eta baita Sorokin bera ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.