EKOGRAFIAK

Aurreiritziak

Amaia Garcia.
2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
New Yorkeko Harlem auzoan pentsatzen badugu, arriskutsua izan daitekeela pentsatuko dugu. Milaka kilometrora dugu auzo hori, baina bizitzan zehar ikusi ditugun telesail eta filmek auzo hura arriskutsu gisa erakutsi digute. Aurreiritzi horien kontra doa Harlem (Prime Video) telesaila. Bertan lau lagun nahiko bereziren bizitza ikusiko dugu.

Camillek unibertsitatean arrakasta izan nahi du, baina oztopo asko aurkitu ditu bere ibilbidean zehar. Horretaz gain, sare sozialetan aktibista da. Berak bezala, Quinn lagunak bere lan arloan tokia egin nahi du. Moda diseinatzailea da eta, bere amak ematen dion diruari esker, bere arropa denda aurrera ateratzen du. Tye ligatzeko aplikazio bat sortzen ari da LGTBIQ+ kolektiboarentzat, eta Forbes aldizkarian agertuko dela dirudi. Angiek, aldiz, oraindik ez du bere tokia aurkitu. Abeslaria da, eta, porrot asko jasan ostean, Broadwayko musikal batean lanean hasi da. Laurak emakumeak eta beltzak dira, eta haiek amestutako lanarekin aurrera egiten duten bitartean, arrazismoaren eta matxismoaren aurka borrokatzen dute egunero.

Kapitulu guztietan gai nagusi bat dago. Gai hori Camillek jartzen du: Columbiako Unibertsitatean ematen dituen eskoletan azaltzen dituen gaiak izango dira kapituluen oinarri protagonista guztientzat. Harlem-ek Girls edota Sex and the City telesailen kutsua du, baina haiengandik bereizten duten gauza asko daude bertan. Lau lagun horiek beren auzoa maite dute, eta haien ekintza guztiek kontzientzia sortzeko balio dute.

Emakume independienteak dira, baina maitasunaren bila ere ikusiko ditugu. Denek argi dute lana eta bizitza lehentasunen artean dituztela, baina maitasun erromantikoak eragina du haiengan ere. Camillek dilema handia izango du gai honekin, bere lanaren ondorioz asko maite duen pertsona bat alde batera utzi zuelako iraganean. Pertsona hori, ordea, New Yorkera itzuliko da, eta Camillek bizi izandakoa berriro gogoratuko du.

Telesail honek gizon zuri heterosexual eta aberatsaren kontrako errealitatea erakusten digu. Kasu honetan erdi-goi klaseko emakume beltzak dira protagonistak. Pertsonaietako bat lesbiana da. Asko eskertzen da plataformen munduan horrelako fikzioak ikustea eta, gainera, aurreiritziak kentzeko balio badigu, askoz hobeto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.