Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Gakoak'

2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Hamaika telebistari zutabe gutxiegi eskaini dizkiot azken hiru urteotan, eta txoko honetan merezi duen lekua egitea da ikasturte berriko nire asmoa. Asteazkenean Musika Zuzenean saioari buruz idatzi banuen, gaurkoan telebista kate bereko Gakoak izango dut hizpide. Saioa berria da, irailaren 2an estreinatu zuten, eta astelehenetik ostegunera ematen dute, 21:30ean. Aktualitateko gaiak lantzen dituzte, eguneko albiste nagusiei «testuingurua» emateko. Egia esan, ordu horretan analisi politikorako ez da beste eskaintzarik. Gainera, ordurako afaldu eta ETB1eko albistegia ikusia dutenentzat proposamen interesgarria da.

Oihan Larrañagak aurkezten du. Zutik. Zuzen. Hamaika telebistako erredakzioa da plato nagusia. Mahai zuria, atzealdeko pantaila handia, ordenagailu eramangarria, gidoi orriak eta sakelakoa dira eszenaratze elementuak. Ez da oso originala, izan ere, La Sextako albistegi bat dirudi, euskaragatik izango ez balitz. Halere, tartearen helburuarentzat—eta Hamaikaren baliabide ekonomiko mugatuak kontuan hartuta— balio du. Euskal medioetan argitaratutako berriak dira gakoak, aurkezlearen atzealdeko pantaila jartzen dituztenak; BERRIAn, Naiz-en edota Noticias taldean agertutakoak. Nazioarteko hedabideei ere egiten diete erreferentzia. VilaWeb atari digitalari, kasurako. Baina, akaso, erabilitako euskal hedabideen artean aniztasun falta sumatu dut. Argia, EITB eta Kanaldude, esaterako; edo tokiko informazioa ematen duten Hitza eta Goiena. Inguruko albisteei testuingurua emateaz gain, nazioartera begira ere jartzen dira. Asteartean, Britainia Handiko Auzitegi Gorenak legez kanpokotzat jo zuela Parlamentua ixteko Johnsonen erabakiari. Informazio aniztasuna are gehiago indartzeko, Britainia Handiko iturriak eranstea ondo legoke. Tartean, BBC edota The Guardian.

Gustatzen zait 30 minutuko iraupena, euskarazko azpitituluen erabilera, gaztelerazko txio askoren itzulpena euskarara, aurkezlearen sarrera laburra eta bideo pilulak gakoak laburtzeko. Balio erantsia da adituen analisiak sartzea. Audio ahotsez bada ere. Beharbada, emakume gutxi ikusi ditut rol horretan. Pribilegioa da, ordu horretan, euskaraz informazioa hamabi minutu baino gehiagoz (Gaur Egun-en batez besteko iraupena?) telebistan kontsumitzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.