Beste bi eraso matxista izan dira asteburuan, Gasteizen eta Irunen

Bi gizonezko atxilotu dituzte. Donostian labankadaz zauritutako emakumea larri dago oraindik

Donostiako Udalak eraso matxisten kontra igandean egindako elkarretaratzea. ANDONI CANELLADA / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Indarkeria matxista kasuak ugaritu egin dira azken egunotan, eta, Donostiako Amara auzoan labankadaz larri zauritutako emakumearen kasuaz gain, beste hainbat eraso salatu dituzte asteburuan, larrienak Irunen (Gipuzkoa) eta Gasteizen. Bi kasu horietan, ustezko erasotzaileak atxiloturik daude.

Irungo erasoa larunbatean gertatu zen. Osasun zentro batek jakinarazi zion Ertzaintzari emakume bat ospitaleratu zutela, herriko aparkaleku batean sexu eraso bat jasan ostean. Ertzaintzak ikerketa abiarazi zuen, eta 22 urteko gizonezko bat atxilotu du, erasoaren egilea delakoan.

Udalak gaitzetsi egin du gertatutakoa, eta adierazi du emakumeen kontrako indarkerian biktimak eta erasotzaileak «norbanakoak» diren arren arazoa «egiturazkoa» dela: «Emakumeen menpekotasun eta kontrola betikotzea du xede».

Udalaren iritziz, emakumeen kontrako indarkeria «genero aurreiritzietan oinarritutako gizarteratzearen ondoriorik larriena» da, eta horrek ahalbidetzen du «emakumeak desberdintasun egoeran atxikitzen dituen sistema soziala birsortzea». Udalak elkarretaratzea egingo du gaur eguerdian Irungo San Juan plazan, eta bat egingo du mugimendu feministak deitutako mobilizazio guztiekin.

Gasteizko erasoa, berriz, igande goizaldean gertatu zen. Emakume batek sexu eraso bat jasan zuen kalean, Arana auzoan. Ertzaintzaren patruila bat joan zen emakumea artatzera, eta, hark emandako datuei eta bildutako informazioari esker, ordu batzuk geroago 51 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Gasteizen. Ohiko izapideak egin ostean, atxilotua Gasteizko guardiako epaitegiaren esku utzi behar zuen Ertzaintzak.

Bestalde, gizon bat behin-behinean preso sartu dute Baionan, bikotekideari eraso egiteagatik. Iragan ostegun gauean gertatu zen erasoa, eta Frantziako Poliziak berehala atxilotu zuen gizona. Emakumea aurpegian kolpatu zuen, eta bost eguneko lanerako gaitasunik eza ezarri zion medikuak andreari.

Baionako prokuradoreak erasotzailea berehala espetxeratzeko agindu zuen, aurrekariak dituelako. Izan ere, aurreko astelehenean atera zen kartzelatik, droga trafikoarekin lotutako kondena bat bete ostean. Gaur epaituko dute, Baionako Auzitegian.

Donostian labankadaz zauritutako emakumea larri dago oraindik. Igande goizaldean izan zen erasoa, Amara auzoko etxebizitza batean, eta emakumea ospitalera eraman behar izan zuten, lepoan eta bizkarraldean zauriak zituela. Haren bikotekidea, 26 urteko gizonezkoa, atxilotu egin zuten, eta atzo utzi behar zuten epailearen esku.

Jaietan ere erasoak

Jaietan ere eraso salaketarik egon da azken orduotan, batez ere ziztada kasuak. Donostiako Aste Nagusiko lehen egunean lau emakumek salatu dute ziztatu dituztela, hiruk Tafallako festetako (Nafarroa) lehen gauean, Zumaiako Euskal Jaietan (Gipuzkoa) batek, eta Algortako (Getxo, Bizkaia) Portu Zaharreko festetan beste batek, kasu horretan adingabe batek.

Ertzaintza eta Foruzaingoa kasuok ikertzen ari dira. Bitartean, herritarrek igandean elkarretaratzeak egin zituzten gertatutakoa salatzeko. Donostian, udalak antolatu zuen elkarretaratzea. Zumaian, mugimendu feministak deituta, Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain! leloa zeraman pankartaren atzean bildu ziren hainbat herritar. Algortan, gainera, ziztada kasua ez da salatutako eraso matxista bakarra izan. Adingabe batek salatu du sei eta zortzi lagun arteko gazte talde batek ukituak egin zizkiola. Hori dela eta, igande arratsaldean elkarretaratzea egin zuten, mugimendu feministak deituta. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du, gertatutakoa argitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.