Londrestik heldu da orain «itxaropena»

Paziente baten GIB birusa erremisioan sartzea lortu du aditu talde batek. Aurrez, Berlinen lortu zuten. Zer ikertua franko dago oraino

GIB birusaren irudi bat. MONTSERRAT T.DIEZ / EFE.
arantxa iraola
2019ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
«Itxaropena» eragiteko moduko albistea dela onartu dute ikertzaileek; oraindik ez dira, ordea, «sendaketaz» mintzatzera ausartzen. Datu objektibo bat bada, hala ere. Bigarren aldiz lortu dute paziente bati GIB birusa erremisioan sartzea, horretarako zelula amen bidezko tratamendu bat erabilita: transplante bat. Berlineko pazientea izenarekin ezagun egin zen lehena, 2009an; Londrestik heldu da orain berria. Linfoma bat tratatzeko egin zioten transplantea paziente horri, eta, gaitz hori osatzeaz gain, lortu dute, GIBaren aurkako botikarik hartu gabe ere, birusa desagertuta egotea: hemezortzi hilabete daramatza halaxe. Nazioarteko ikerketa talde batek egin du lorpena, eta atzo eman zuten horren berri, Nature aldizkarian.

«Berlingo pazientea deitua ez zen anekdota bat izan; lor daiteke birusaren erabateko erremisioa», azaldu zuen atzo albistearen berri ematean ikerketa taldeko ordezkarietako batek, Javier Martinez-Picadok. Ordea, adituek onartu dute arloan ikertzen jarraitu behar dela oraindik, eta zelula amen bidezko transplanteak soilik egin daitezkeela bestelako osasun arazoren bat tartean dagoenean, eta ez propio GIBaren aurka egiteko. Transplante horiek «arrisku handikoak» direla oroitarazi dute, eta kasu oso zehatzetan besterik ezin direla egin; GIBaren aurkako botikak kentzeko prozesua ere arreta handiz egin behar da, eta sendagileen kontrolpean egin behar da beti.

Egun, gainera, badira GIBaren aurkako botika aski eraginkorrak, eta garai batetik asko apaldu dira botika horien nahigabeko ondorioak. Horiek horrela, transplanteak kasu oso jakinetan egiten jarraitzeko asmoa dute adituek. Kontuan hartu behar da, gainera, soilik bi kasuotan gertatu dela birusaren erremisioa; badira pazienteak transplantearen ostean ere botikekin jarraitu behar dutenak, GIBa ez baita desagertzen. Bolada baten ostean berriz ere agertzen zaie, eta botikarik gabeko gerorik ezin dute egikaritu. Horregatik, ikertzen jarraitu behar dela diote adituek.

Ulertzeko ahaleginak

Birusa desagertzea lortu duten bi pazienteek jaso zituzten CCR5 Delta 32 izeneko mutazioa duten zelula amak, transplantearen bidez, eta pentsatzekoa da hor dagoela arrakastaren gakoetako bat, mutazio horrek eragotzi egiten duela GIB birusa zeluletan sartzea. Baina zientzialariek oraindik ez dute argi zergatik funtzionatzen dien horrek paziente batzuei bakarrik.

Arrakasta izan duten bi kasuen arteko antzekotasunak aztertzen ari dira, gakoa non egon daitekeen jakiteko. Erremisioaren atzean dauden «mekanismoak» ulertu nahi dituzte orain, Maria Salgado ikertzailearen arabera: «Hain inbaditzaileak ez diren ebakuntzak mimetizatzeko. Hori izango da ondorengo urratsa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.