Hiru sexu eraso salatu dituzte Baionako bestetan

Bortxaketa batengatik gizon bat atzeman dute, eta kontrol judizialpean dago. Beste kasu bat ikertzen ari dira, eta hirugarrenak ez du salatu

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Hiru emakumek salatu dute eraso egin dietela Baionako bestetan, erakundeek egindako bilanaren arabera. Jakinarazi dute eraso baten harira atzemandako gizona kontrol judizialpean ezarri dutela, eta beste eraso bati buruzko ikerketa zabalik duela oraindik Poliziak. Hirugarren erasoaren kasuan, berriz, emakumeak ez du salaketarik aurkeztu nahi izan. Erasoak salatu dituzte talde feministek, eta ohartarazi dute hiru horiek baino gehiago ere izan direla, nahiz eta salaketarik ez izan.

Joan den astean egin zituzten Baionako bestak, uztailaren 24tik 28ra. Salatutako eraso horietako bat asteazkenean bertan gertatu zen, lehen egunean. Emakumea ospitalean eduki zuten «alkohol kontsumoagatik», Samuel Vuelta Simon prokuradoreak azaldu duenez, eta langileei adierazi zien eraso ziotela. Prokuradorea inkesta abiatzekoa zen, baina biktimak ez du salaketa ofizialik jarri nahi izan. Kasu hori lotua legoke Maina harrera eta prebentzio guneak egindako salaketarekin: azaldu zuenez, 16 urteko neska batek hunkituak jasan zituen gizon talde batek inguratu zuelarik.

Bigarren erasoa karabana batean gertatu zen. Emakume bat lo zegoela bortxatu zuen gizon batek. Han zeuden lagunek mutila atxiki zuten Polizia heldu arte. Biktimak salaketa ezarri du. Prokuradoreak azaldu du akusatua epailearen aurretik igaro zela, eta aske dagoela, kontrol judizialpean.

Beste erasoa larunbatean salatu zuten: emakume batek adierazi du hunkituak egin zizkiotela, eta bortxatzen saiatu zirela. Karrikan eraso zioten bi gizonek. Ihes egin zuen, eta handik egun batzuetara ezarri zuen salaketa, Akizen (Okzitania). Prokuradoreak erran du ikertzen ari direla, eta espero duela erasotzaileak identifikatzea «segurtasun kamerei esker».

Besten azken egunean egin zuten indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea zenbait elkarte feministak. Ohartarazi zuten salatu baino eraso gehiago izan direla bestetan, eta aitortu zuten erakundeek «aurrerapauso xumeak» eman dituztela. Maina dispositiboa martxan izan da bestetan, prebentzioa eta harrera egiteko, eta PAF talde feministak ere protokolo bat ezarri du hainbat ostatutan. Elkarlanean segitzea «baitezpadakoa» dela erran du Jean Rene Etxegarai auzapezak. Halere, nabarmendu du eraso kopuruak «behera» egin duela, eta «segurtasun neurri bereziekin» lotu du hori. Haren arabera, bestetako sarrera kobratuta «kontrol zorrotzagoa» egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.