Iruñeko hipika txapelketaren aurka protesta egitera deitu dute

Udalaren jai eredua «inposatua, elitista eta iluna» dela salatu du Hipikarik Ez taldeak. Bizikleta martxa eginen dute irailaren 1ean, Ziudadelan

Hipikarik Ez taldeko kideak, atzo, Iruñeko Baluarte plazan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Zezenketak kendu, zaldi lasterketak jartzeko. Kalapita eragin du Iruñeko Udalak sanferminen ordez antolatutako egitarauak; batez ere, irailaren 2tik 12ra egitekoa den Iruñeko Harresien I. Hipika Sariketa Nagusiak. Jarduera hori «inposizioan oinarritutako jai eredu elitista» baten ikur dela salatu zuen atzo Hipikarik Ez plataforma sortu berriak, eta gogor kritikatu zuten Navarra Sumak diru publikoa «era ilunean» kudeatu izana. Protesta ekintzak ere iragarri dituzte, datorren asterako.

Plataformako kide Idoia Azkonaren esanetan, hipika txapelketa batek «gutxi du ikusteko Iruñerriko herri mugimenduak nahi duen hiri eta kultura ereduarekin». Kontrara, historikoki «elite ekonomikoen kirola» izan dela nabarmendu du: «Iruñean ez dugu behar goi klaseei protagonismo eta espazio publiko handiagoa emanen dien egitasmorik». Horrez gain, animalien erabilera ere kritikatu du: «Ikuskizunetan animaliak erabiltzeak ez dio erantzuten eredu askatzaile bati. Zaldiak aske korrika egiteko jaio dira, ez inoren menpe egoteko».

Hipikaren oinarriez gain, ordea, egitasmoa kudeatzeko modua ere txarretsi dute plataformaren ordezkariek. Diru publikoa «ezkutuan» erabiltzeko modua «kezkagarria» dela uste du Azkonak: «Badirudi haien interes politiko eta ekonomikoei zuzenduta dagoela. 35.000 euro bideratuko dituztela dirudi, baina aurrekontua 200.000 eurokoa da. Ez dakigu egitasmoa nola finantzatuko den, ezta zer interes pribaturi erantzuten dion ere».

Are, taldeko kideek susmo txarra hartzen diote txapelketaren antolatzaileek «UPNko zenbait kiderekin duten harremanari», eta ez dute ulertzen «zer lotura duen hipikak Iruñearekin eta zer interes dagoen hiriaren erdigunean halako txapelketa bat egiteko».

Iruñeko Udalak sustatutako jai ereduaren ordez, «parte hartzean oinarritutako egitasmoak» eskatu ditu Azkonak: «Inor menderatzen ez dutenak eta desberdinkeriarik sortuko ez dutenak». Horregatik, Hipikarik Ez taldeak protesta egitera deitu du. Irailaren 1ean eginen dute, txapelketaren bezperan, Ziudadela parkean. 19:00etan elkartuko dira, eta, ordu erdiko protestaren ondotik, bizikleta martxa eginen dute.

Oposizioa, azalpen eske

Iruñeko Udala hasia da Ziudadela inguruko eremua zaldi lasterketetarako atontzen, eta, besteak beste, harea tonaka bota dute harresien inguruko belardietan. Geroa Bairen udal taldeak horren gaineko txostena eskatu dio udalari. Jakin nahi dute zer eragin izanen duen txapelketak ingurumenean, eta zenbat gastatuko den zehazki. EH Bilduk ere auzi horri buruz galdetu dio Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritzari, Navarra Sumak «informazioa ezkutatzen» duela iritzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.