Politika publikoetan feminismoa txertatzeko deia egin diete alderdiei

Nafarroako Berdintasun teknikariek 26 puntuko agiri bat adostu dute, foru hauteskundeei begira

Nafarroako Berdintasun Teknikarien Elkarteko ordezkariak, atzo, agiriaren aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Hauteskunde giroko promesa zehaztugabe eta eslogan hutsalik ez: konpromiso zehatzak nahi dituzte. Feminismoaren esparruko 26 proposamen jasotzen dituen agiria aurkeztu du Nafarroako Berdintasun Teknikarien Elkarte Profesionalak, eta talde politiko guztiei igorri die, maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeei begira. Hala, ardura postuetara iristen badira, ikuspegi feminista eta berdintasuna aintzat har ditzatela galdegin diete alderdiei. «Ulertzen dugu bizitzaren iraunkortasuna Nafarroako politika publikoen erdigunean jarri behar dela; horrez gain, talde politikoei eskatzen diegu beren gain har ditzatela mugimendu feministaren eskaerak», azaldu du elkarteak ohar batean. Nafarroako udaletan eta mankomunitateetan lan egiten duten berdintasun teknikariek osatzen dute elkartea.

Agirian bildutako proposamenak bost multzotan banatu dituzte: genero-zeharkakotasuna administrazioan; emakumeen kontrako indarkeria; zaintza eta ardurak partekatzea; emakumeen ahalduntzea eta parte hartzea; eta, azkenik, erakunde publikoen antolakuntzarako baldintzak.

Proposamen zehatzei dagokionez, berriz, indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideen hobetzea, erakunde publikoetako aurrekontuen %1 berdintasun politiketara bideratzeko konpromisoa, kontziliazioa errazteko neurriak, profesionalak berdintasunean prestatzeko planak eta hizkera inklusiboa sustatzeko egitasmoak jaso dituzte, besteak beste, talde politikoei igorritako dokumentuan.

Arangurengo Udaleko berdintasun teknikari Josune Antxoren esanetan, garaia da berdintasunaren esparruan «neurri zehatzak» hartzeko: «Udaletako teknikariok 25 urte daramatzagu alor honetan lanean, Berdintasun Lege berria onartu berri dute Nafarroako Parlamentuan... Hortaz, badago oinarri bat; hemendik aurrera, zerbait gehiago eskatu behar dugu». Antxoren ustez, «errealitateari bizkarra emanda» bizi dira emakumeen eskaerak aintzat hartzen ez dituzten talde politikoak.

Arangurengo Udaleko teknikariak ezinbestekotzat jo du erakunde publikoen arteko elkarlana sustatzea, besteak beste, Nafarroako Berdintasun Institutua indartuz eta erakunde berri bat sortuz: Nafarroako Berdintasunaren aldeko Tokian Tokiko Entitateen Sarea.

Berdintasun teknikarien elkarteko kideek «kezka» agertu dute, bestalde, azkenaldian azaleratutako «erreakzio patriarkalaren» inguruan, eta eskuin muturreko erretorikaren oldarraldiaz ohartarazi dute. «Emakumeon eskubideak zalantzan jartzen dira beti, eta feministok adi egon behar dugu, eskubide horien aitortzan atzerapausorik gerta ez dadin», esan du Antxok. Iritzi horrekin bat egin du Antsoaingo Udaleko Berdintasun teknikari Eva Isturizek: «Kezkatzen gaituzte, bai, andreen lorpenen aurrean piztu diren erreakzio matxista eta patriarkalek, batez ere, zenbait indar politikoren ahotan, baina ezin dugu esan harridura sortzen digutenik».

Mugimendu feministaren bilakaera aztertzeko tenorean, azken bi urteetan Martxoaren 8aren karira antolatutako greba eta mobilizazio erraldoiak nabarmendu ditu Isturizek, eta gaineratu du «inflexio puntu» izan zirela. Horregatik, mugimendu hori «aintzat hartzeko» eskatu die talde politikoei: «Oker handia izanen litzateke aldarrikapen horiek kontuan ez hartzea, gaur egun, ez baitago feminismoaren tamainako mugimendu sozialik». Hala ere, politika publikoak errotik aldatzeko, «hainbat dinamika hautsi» beharko direla uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.