Herri akusazioa aurkeztuko dute Zaldibarko luizia argitzeko auzian

«Herritarren ahotsa» epaiketara eraman nahi dute, eta dirua biltzeko kanpaina bat jarriko dute martxan, gastuei aurre egiteko

Zaldibar Argitu-ren eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren elkarretaratzea, atzo, Durangon. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Maialen Arteaga.
Durango
2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Zaldibarko luiziaren harira, Zaldibar Argitu taldeak eta Eskubide Sozialen Kartak herri akusazioa aurkeztuko dute; bi eragileek nabarmendu dute garrantzitsua dela herritarrek «ahots propioa» izatea auzibidean. Elkarretaratze bat egin zuten atzo, Durangoko (Bizkaia) epaitegiaren atarian—bertan dago zabalik auzibidea, bi delituri buruzkoa: luiziarena, eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren heriotzari buruzkoa—. «Agerraldi bateratua egitea adostu dugu, kalean erakutsitako kezka eta indarra epaitegietara eramateko garaia baita», azaldu zuen Zaldibar Argitu-ko kide Janire Lazkanok.

Gaur dira zortzi hilabete Zaldibarko luizia gertatu zela; Zaldibar Argitu-ren arabera, oraindik ere zabortegiaren inguruko kudeaketa «negargarria» izan da. Salatu dute erantzukizuna duten erakunde publikoak «eskuak garbitu nahian» ari direla, eta hori ikusita erabaki dute auzibidean herri akusazio gisa aurkeztea: «Herri konpromisoagatik eta gertaeren larriagatik, herritarron ahotsak presente egon behar du epaiketan, interes orokorraren alde egingo duen begirada batetik».

Luiziak hamaika aurpegi

Bi taldeek azaldu dute Zaldibarko gertaera arlo askoko ezbeharra dela—«giza hondamendia, ekologikoa eta soziala»—, eta «ezinbestekoa» dela erantzukizunak argitzea eta informazio gardena ematea, berriro ez dadin halako «hondamendirik» gerta. «Ez diezaiegun utz lehengo era berean jokatzen, ezer gertatu ez balitz bezala eskuak garbitzen».

Herri akusazio gisa aurkezteak ekarriko dituen gastuei aurre egiteko, bi taldeek dirua biltzeko kanpaina bati ekingo diote. «Guztien ekarpena izango da ongi etorria», azaldu du Lazkanok: «bakoitzak ahal duen moduan eta neurrian» lagun dezake.

Abuztu erdialdetik, auzibide berean daude Verter Recyling enpresaren aurkako bi prozedurak, eta Durangoko lehen instrukzio epaitegia ari da ikerketa egiten. Epaitegi horrek hartu zuen Beltranen eta Sololuzeren heriotzari buruzko auzia —pertsonen aurkako delitua ikertzen ari da—, eta bigarren instrukzio epaitegian aritu dira orain arte ingurumen kalteari buruzko ikerketa egiten, zabortegiaren luiziari buruzkoa.

Gogoan izatekoa da Beltranen gorpua ez dutela oraindik aurkitu, eta, hain justu, horren harira mobilizazio bat egitekoa dute ostegunean Zallan (Bizkaia). «Nahikoa» dela aldarrikatuko dute, eta beharginaren hilotza zaborretatik ateratzeko eskatuko dute.

Zaldibarko ezbeharra erroko arazo baten ispilua dela adierazi du Eskubide Sozialen Kartako ordezkari Ainara Plazaolak: «Kontsumo, ekoizpen eta hondakinen kudeaketa eredua aldatu beharra dago». Zabortegiko jabeen erantzukizunaz ohartarazi du:«Enpresak negozioa egitea izan du lehentasun, eta irabazi ekonomikoak lehenetsi ditu langileen eta inguruko bizilagunen segurtasunaren gainetik». Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere salatu du Lazkanok: «Kontrol lanak egiteaz beste aldera begiratu eta informazioa ezkutatu du, eta ez du inolako ardura politikorik argitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.