Osasun langileak egonkortzeko lege dekretu bat onartu du Madrilek

Behin-behinekotasuna %8ra jaistea du xede. Abenduaren 31 baino lehen egingo dituzte deialdiak

Osasun langile bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Osasun langileek izaten dituzten behin-behinekotasun tasa altuak murrizteko asmoz, 55/2003 Legea aldatuko duen lege dekretu bat onartu zuten atzo Espainiako ministroen kontseiluan. Neurri horrek Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako osasun langileei eragingo lieke, eta, hiru urtez behin-behinekotasun egoeran lanean aritu ondoren, egonkortu eta funtzionario bihurtuko lirateke.

Carolina Darias Espainiako Gobernuko Osasun ministroak adierazi zuenez, dekretuarekin behin-behinekotasun tasa %8ra jaistea dute helburu, eta 67.300 osasun langile inguru egonkortuko dituzte estatuan.

Horrela, behin-behineko izendapenak desagerrarazi eta aldi baterako langileen bi talde «handi» ezarriko dituzte: bitarteko langileak eta ordezkoak.

Neurri berriek mugak ezartzen dizkiote bitartekoen kontratazioari, eta, horrela, «premia eta urgentziazko arrazoi justifikatuetan» bakarrik kontratatu ahalko dituzte. Horrez gain, bitarteko langileak gehienez hiru urtez kontratatuko dituzte, langile finkoak kontratatzea «ezinezkoa» den kasuetan. Hiru urte horiek igaro ondoren, lanpostu horrekin jarraitu nahi izanez gero, plantillan egiturazko plaza bat sortu beharko dute, langile finko batek bakarrik okupatu baitezake postua. «Behin-behineko plaza horiek ezin dira inola ere egiturazkoak izan», ohartarazi zuen Dariasek.

Ordezko langileak, berriz, oporraldietan, baimenetan, salbuespenetan eta lanpostua gordetzea beharrezkoa den aldi baterako absentzietan kontratatu ahal izango dituzte.

Kogobernantza oinarri

Legeak behin-behinekotasuna kontrolatzeko neurriak ere jasotzen ditu. Ministroak adierazi zuenez, autonomia erkidegoek bete beharko dituzte neurri horiek, eskumenak transferituta daudelako. Hala ere, Dariasek adierazi zuen «ahalik eta kogobernantzarik handiena» izango dutela neurriak ezartzeko.

Legea BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean. Hala ere, autonomia erkidegoek lau hilabeteko «epe gehigarria» izango dute neurriak martxan jartzeko, «giza baliabideen informazio sistemetan egin beharreko aldaketak egiteko».

2022ko abenduaren 31 baino lehen argitaratu beharko dituzte deialdi guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.