Segurtasunaren argudioari eutsi dio gobernuak 'Maravillas auzian'

Iruñeko Rozalejo jauregia okupatu izana leporatzen diete 22 gazteri. Milaka euroko isunak eskatu ditu Nafarroako Gobernuak

Elkarretaratze zaratatsua egin zuten dozenaka lagunek auzitegiaren aurrean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Iruñeko Maravillas gaztetxearen inguruko epaiketa egin zuten atzo. Maiatzean egitekoa zuten, baina atzeratu egin zuten, Nafarroako Gobernuak azken unean beste txosten bat aurkeztu zuelako. 22 gazte daude auzian inputatuta. Usurpazio delitu arina egotzi diete, eta isun ekonomikoa jar diezaiekete. Gaztetxeak salatu duenez, 150.000 eurotik gorako isunak eskatu ditu gobernuak; erantzukizun zibilari eta Rozalejoko markesaren jauregian eragindako kalte materialei dagozkie diru kopuru horiek. Auzipetuek ukatu egin dituzte akusazioak.

Atzo goizeko saioan, Nafarroako Gobernuarentzat lan eginiko lau teknikari eta sei foruzain igaro ziren epailearen aurretik, lekuko gisa deklaratzeko. Teknikarien artean lehena izan zen Marta Etxabarren, Nafarroako Gobernuko Ondare Zerbitzuko zuzendaria. Gobernuak orain arte emandako azalpenei eutsi zien; hala nola Rozalejoko markesaren jauregia «oso egoera txarrean» zegoela, teknikariek «segurtasun arazo larriak» sumatu zituztela eraikinean, eta arrisku horren aurrean ezin zutela baimendu «eraikina jendeari irekitzea, are gutxiago ekitaldi publikoak egiteko».

Bertsio horrekin bat egin zuten gobernuarentzat lan eginiko gainerako teknikariek ere. Defentsako abokatuen arabera, ordea, Nafarroako Gobernuak kalte-ordainak eskatzeko erabili duen txosteneko neurketek ez dute bat egiten defentsako perituek jasotako datuekin. Teknikarietako batek aitortu zuen neurketetan «akats batzuk» egon zitezkeela.

Defentsako abokatuen galderei erantzunez, Etxabarrenek onartu zuen Nafarroako Gobernuak ez diola eraikinari inongo erabilerarik eman, baina, hala ere, «erabilgarritzat» sailkatua zutela, eta, azken urteetan, gobernuak hainbat aukera jarri dituela mahai gainean, jauregia zaharberritzeko: besteak beste, ostalaritza eskola, Euskarabidearen egoitza eta Memoriaren Institutua egin nahi izan dituzte bertan.

Identifikazioak telebistaz

Teknikarien ondoren, gaztetxea husteko operazioan parte hartu zuten foruzainek deklaratu zuten epaimahaikideen aurrean. Gazteak identifikatzeko prozeduraz galdetu zieten, batez ere. Foruzainek azaldu zutenez, auzipetuetako batzuk identifikatu zituzten «telebistan» ikusi zituztelako, «okupen bozeramaile gisa, adierazpenak egiten». Poliziek, baina, ezin izan zuten baieztatu pertsona horiek gaztetxera sartu zirenik edota leporatzen dizkieten txikizioak egiten ikusi zituztenik.

Arratsaldean heldu zen auzipetuen txanda. Gazteek ukatu egin zuten Rozalejoko jauregia okupatu izana, eta gaineratu zuten Poliziak eraikina hustu zuen egunean soilik sartu zirela, «gaztetxearen proiektuari elkartasuna adierazteko deialdiari erantzunez».

Iazko abuztuaren 18an hustu zuten lehenengo aldiz Maravillas. Polizia goizaldean sartu zen, eta babesa ematera bildu ziren gazteen aurka jo zuen. Iluntzean, ordea, berriro sartu ziren gazteak. Urtarrilaren 19an, Poliziak bigarrenez hustu zuen gaztetxea. Hainbat protesta egin zituzten hustea salatzeko, eta Espainiako Poliziak nahiz Foruzaingoak gogor erantzun zuten mobilizazioetan parte hartu zutenen aurka. Eraikina zigilatu, eta porlanez itxi zuen gobernuak.

Atzoko saioa hasi aurretik, elkarretaratze zaratatsua egin zuten dozenaka pertsonak auzitegiaren aurrealdean, 22 auzipetuei elkartasuna adierazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.