Hondakinak kudeatzeko «bide berria» proposatu dute

Zero Zabor Bizkaian-ek eta Zaldibar Argituk hondakinen lege berria eskatu dute. Zaldibar «kudeatze lotsagarri baten ondorio» dela diote

Bi plataformek egindako agerraldia, Bilbon. RAUL BOGAJO / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Zero Zabor Bizkaian eta Zaldibar Argitu plataformek uste dute «hondakinak kudeatzeko bide berria» hartu behar dela, eta, horretarako, zenbait neurri proposatu dizkiete Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdiei: besteak beste, hondakinen lege berria egitea, «zero zabor eta benetako ekonomia zirkularra» bermatzeko.

Bi plataformek batera egindako agerraldian azaldu dituzte proposamenak. Zero Zabor Bizkaian taldeko Miren Basalduak eta Zaldibar Argituko Gaizka Zabartek esan dutenez, Zaldibarren (Bizkaia) gertaturiko luiziak agerian utzi ditu arlo horretan dauden gabeziak, baina «izozmendiaren tontorra» baino ez dela deritzote: «Enpresa jabearen irabazi grina neurrigabea eta erakunde arduradunen lasaikeria, kontrolik eza eta kudeaketa negargarria ikusita, hondamendia aurreikus zitekeen. Zaldibar kudeaketa lotsagarri baten ondorioa da; beraz, ikasteko adibidea ere bada»

Plataformen ustez, hondakinak «lehen mailako arazo» bilakatu dira, eta horri gehitu behar zaio COVID-19aren ondorioz erietxeetan eta etxeetan sortutako hondakin kopurua handitu egin dela, bai eta plastikoen eta erabilera bakarreko ontziena ere. Horregatik, ezinbesteko deritzote «norabidea» aldatzeari, eta utzailaren 12an izango diren bozak aukera egokia da horretarako, haien ustez.

Bilaketa,«lehentasun»

Zaldibarko auziari dagokionez, hainbat eskaera egin dituzte. Lehenengo eta behin, oraindik desagerturik dauden langileak bilatzeak «lehentasun osoa» izan behar duela uste dute, baina, horretaz gain, zabortegi guztien auditoria publikoa egitea, «ikuskapen eta kontrol publiko eta gardenak» egin ahal izateko giza baliabideak bermatzea, «hondakinen kontrol zorrotza malgutzen duten araudiak» indargabetzea eta beste zenbait neurri proposatu dituzte.

Baina Zero Zabor Bizkaia eta Zaldibar Argitu plataformek uste dute arazoa ez dela soilik Zaldibarren gertatutakoa edo zabortegien egoera, eta hondakinen auziari oso-osorik oratu behar zaiola pentsatzen dute. Horregatik, zenbait neurri proposatu dituzte, horien artean hondakinen lege berri bat egitea, indarrean dagoen araudia bateratuz eta «hondakinen sorrera minimizatzea edo saihestea» xedetzat hartuz.

Horrez gainera, materia organikoaren derrigorrezko gaikako bilketa proposatu dute, berriro erabil ezin daitezkeen produktuak eta birziklagarriak ez direnak ekoitzea debekatzea, zerga araudi bat «hondakinak aurrezteko estragiak garatzeko», sorkuntzaren eta tratamenduaren arteko hurbiltasuna bermatzea eta ildo bereko beste zenbait neurri ere.

Bi plataformen aburuz, hondakinen lege berriak hondakinen erraustea desagerraraztea izan beharko luke helburu, eta, apurka-apurka, Zubietako eta Zabalgarbiko erraustegien edukiera murriztu. Hori «baldintza oso garrantzitsutzat» jo dute «gaikako bilketa hobetzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.