Sena, kemena eta hirugarren garaipena

Cortek irabazi du Vueltako 19. etapa, iheskideei esprintean gailenduta. Oso etapa bizia eta lehiatua izan da. Roglicek jarraitzen du lider

Magnus Cort atzo Vueltan lortutako garaipena ospatzen. MANUEL BRUQUE / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Zakua bete garaipen bukatuko du Espainiako Vuelta Magnus Cortek (Education First). Atzo hirugarrena lortu zuen, lasterketako 19. etapan. Modu batera ez bada, bestera nabarmentzen da ehiztari danimarkarra. Lehena, ihesean irabazi zuen; bigarrena, esprintean, eta atzo, bi bideak uztartu zituen: iheslarien arteko esprintean gailendu zen, Rui Oliveira (UAE) eta Quinn Simmons (Trek) hasiberrien aurretik. Neurria ondo baino hobeto dio hartua Cortek proba espainiarrari, atzokoarekin sei etapa garaipen lortu baititu dagoeneko. Hiru aurten eskuratu ditu, eta hala, Primoz Roglicen (Jumbo) pare jarri da. Esloveniarrak, edonola ere, sari are handiagoa du oraintxe esku artean: elastiko gorria. Atzo, espero bezala, inongo arazorik gabe eutsi zion.

Etapak, edonola ere, ez zuen inor epel utzi. Mendiko etaparik gogorrenen eta azken txanparen arteko trantsiziotzat jo zitekeen, baina ez zen hala izan; ezta hurrik eman ere. Bizia eta lehiatua izan zen zeharo, sokatira zirraragarria izan baitzuten tropelak eta iheslariek, azken kilometroetan batez ere. Hasteko, hiru mendate igo behar zituzten lehen 60 kilometroetan. Hirugarren asteko ohiko gidoia bete izan balitz, bertan bidea egingo zukeen ihesaldiak, eta hortik aurrera, lasterketa burukoen artean jokatuko zen etapa. Tropelak, ordea, ez zuen halakorik onartu. DSM eta Bike Exchange taldeek kate motzean lotu zuten 18 txirrindularik osaturiko multzoa, eta aldea ez zen sekula hiru minututik igo. Deceuninckek ez zuen lanik egin, aurrean Andrea Bagioli zuelako, eta Fabio Jakobsen maldan gora ezinak jota gelditu zelako, Jon Aberasturi (Caja Rural) esprinter arabarra bezalaxe.

Ez zegoen beste mendate puntuagarririk, baina errepideak gorabeheratsua izaten jarraitzen zuen. Eta gora ez, behera zihoan iheslarien aldea. Urduritzen hasi, eta erasoari ekin zioten. Apurtu egin zen multzoa, eta 11 ziklista gelditu ziren buruan. Bertan ziren Cort, Oliveira, Simmons eta Bagioli; baita Anthony Roux (Groupama), Lawson Craddock (Education), Andreas Kron (Lotto Soudal) eta Antonio Jesus Soto (Euskaltel) ere. Beste galbahe bat eragin zuen Simmonsek 34 kilometroren faltan egin zuen erasoak, eta Sotok ezin izan zuen gainditu; bai, ordea, Cortek, Craddockek, Bagiolik, Rouxek, Kronek eta Oliveirak. Zazpi ziklista ziren tropelaren aurka. Erronka ia ezinezkotzat jo zitekeen, multzo nagusia gain-gainean baitzuten, minutu bat baino gutxiagora. Hori gutxi balitz bezala, Bike Exchange gogor jarri zen tiraka, Robert Stannardek ihesean amore eman eta gero.

Bi gauza gertatu ziren orduan, ihesaldiaren arrakasta ekarri zutenak: aurrean elkar ulertze handia izan zen, eta eskuzabal jardun zuten erreleboka; tropelean, berriz, sumatu egin zuten ia hiru astez pilatutako nekea. Dena emanda zihoazen, eta 10 kilometroren faltan, 20 segundo eskasera hurbildu zitzaizkion ihesaldiari. Alabaina, ez ziren kapazak izan zuloa erabat ixteko, eta akitu egin ziren azkenerako. Cortek, ordea, indar erakustaldia egin zuen esprintean. Aukerarik txikiena ere ez zien eman aurkariei. Tropela 18 segundo geroago helmugaratu zen, Alberto Dainese (DSM) buru. Han ziren sailkapen nagusiko gizonik indartsuenak, Louis Meintjes (Wanty) izan ezik. Hegoafrikarra hamargarren postuan zegoen, baina oso eroriko txarra izan zuen etapako azken kilometroetan, eta ezin izan zuen jarraitu. Pena handia izango du, aspaldiko lasterketarik onena ari baitzen osatzen. Azken postuan izan bazen ere, denbora mugen barruan finitu zuen etapa Jakobsenek. Gaurko etapa gainditzen badu, harena izango da elastiko berdea.

Roglic, segadei adi

Etapa erabakigarria izango da, halaber, maillot gorriaren borrokan, gero erlojupeko bat geldituko baita bakarrik. Ibilbidea ez da, inolaz ere, Asturiaseko etapena bezain menditsua, baina badu gogortasuna, bukaeran batik bat: bost mendate kateatuko dituzte azken 90 kilometroetan. Bigarren mailako Castro de Hervillen egongo da helmuga, aurrez maila bereko beste bi mendate, lehen mailako bat eta hirugarren mailako beste bat igo ondoren. Arreta osoz jokatu beharko du Roglicek, badaezpada, segada saiakerarik balego ere.

Hori bai, handiren bat gertatu beharko litzateke esloveniarrak lidergoa gal zezan, errenta handiak baititu: 2.30 ateratzen dio Enric Masi (Movistar), 2.53 Miguel Angel Lopezi (Movistar), 4.36 Jack Haigi (Bahrain) eta 4.43 Egan Bernali (Ineos). Eta biharko erlojupekoak mesede egiten dio; teorian, bederen. Lehen hamar postuetatik urrun daude euskal herritarrak. Mikel Nieve (Bike Exchange) da hobekien sailkatuta dagoena: 24.a da, lidergotik 1.15.06ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.