Gehiago nahi du Bera Berak

Gogoz ekin dio denboraldiaurreari Donostiako taldeak. Liga eta Espainiako Kopa irabaztea, eta Europako multzoen fasean egotea ditu xede

Bera Berako jokalariak, atzo, Gaskan denboraldiaurreko lehenengo entrenamendua egin aurretik. A.CANELLADA / FOKU.
pettan uralde
2022ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Gehiago nahi dugu da Super Amara Bera Beraren bazkide kanpainako lelo berria, eta horrela berretsi du taldeak denboraldiaurreko lehenengo saioan. Beste urte batez, Bera Bera da liga irabazteko hautagai nagusia, baina Europan eta Espainiako Kopan gehiago nahi dute. «Azken ligak eskuratu ditugu, baina gainontzekoak falta izan zaizkigu, ea aurten bolada hori aldatzen dugun», adierazi zuen Esther Arrojeria jokalari eta kapitainak.

Ligan, aurreko denboraldiko titulua defendatzea tokatzen zaio Bera Berari, eta hasiera zaila izango du Imanol Alvarezen taldeak: Malaga, Granollers eta Elx izango baititu aurkari hasierako hiru jardunaldietan. «Partida horiek erakutsi dezakete nola joango den denboraldia», azpimarratu zuen Arrojeriak.

Gainera, berritasun moduan, denboraldi honetan ligak formatu ezberdina izango du, bi fasetan banatuta. Lehenengoan, hamabi taldeek 22 jardunaldiko liga jokatuko dute, eta bertan erabakiko dira lehenengo zortzi postuak eta azkenengo laurak. Behin sailkapena zehaztuta, lehenengo zortziek titulua eskuratzeko kanporaketak jokatuko dituzte, eta azken laurak maila ez galtzeko lehiatuko dira. Ikusteko dago ea formatu berri horrek erraztasun edo zailtasun handiagoak ematen dizkion egungo txapeldunari. «Uste dut egitura berri honek ikusgarritasun handiagoa eman diezaiokeela ligari eta talde bakoitzari. Urteak daramatzagu esaten hazi egin behar dela txapelketa, eta uste dut hau hasiera ona izan daitekeela», adierazi zuen Alvarezek.

Denboraldiko beste erronketako bat Europan izango du Bera Berak. Europako Eskubaloi Federazioak hilabete hasieran ezagutarazi zuen datorren denboraldiko Europako Ligako egutegia. Horren arabera, Bera Berak hirugarren kanporaketan ekingo dio txapelketari. Hortaz, kanporaketa bakarra gainditu beharko du, hain desiragarria duen multzoen fasean sartzeko. Azken kanporaketa horretan, maila handiko taldeak izango ditu aurrean. Arrojeriak gaineratu zuen multzoen fasea hurbilago ikusten duela. «Kanporaketa bakarra jokatzea irabazi dugu; zortea izan dugula esan behar nuen, baina ez, pribilegio hori irabazi egin dugu».

Denboraldia exijentea izango dela kontuan hartuta, hiru fitxaketa egin ditu Donostiako taldeak: Anne Erauskin eskuin hegalekoa Zuazotik, Giuliana Gavilan pibota Frantziako Plan-de Cuquestik eta Paula Arcos ezker albokoa Atletico Guardesetik. Arcos aurreko ligako jokalari onena izan zen, 20 urte besterik ez zituela, eta ilusio handia du. «Taldekideengatik dena emango dut. Eskubaloian hazten ari den jokalari orori gustatuko litzaioke Bera Berara iristea» esan zuen.

Alvarezek nabarmendu zuen pozik dagoela osatutako taldearekin: «Talde ona osatu dugu. Urtetik urtera ahalik eta multzo handiena mantentzen saiatzen gara, eta ekartzen ditugun jokalariek hobeago egiten gaituzte».

Multzoen fasea mugarri

Donostiako taldeak denboraldiaurreko hainbat partida jokatuko ditu datozen asteetan. Lehenengoa abuztuaren 6an izango da, Zubileta Evolution Zuazoren aurka, Zarautzen. Ondoren, Baionan jokatuko du, abuztuaren 10ean, Merignac (Frantzia) taldearen aurka. Abuztuaren 15ean Frantziara abiatuko dira Tournoi des Belles des Deux-Sevres izeneko torneoan parte hartzeko. Bertan, Danimarkako Ikast Handball, Celles sur Belle eta Alemaniako Leverkusen izango ditu aurkari. Horrez gain, ohi bezala, Egiako torneoan arituko da abuztuaren 24an, Beti Onak taldearen aurka. Bukatzeko, abuztuko azken asteburuan, Summer BAG txapelketa jokatuko dute. Alvarezek adierazi zuen norgehiagoka zailak jokatzea zela ideia: «Lan-saioetan praktikatutako guztia erakusteko modu bat da, partida horiek txapelketa moduan ikustea. Neurketa asko jokatzea gustatzen zait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.