Gaiztoa bezain azkarra

Nacer Bouhannik irabazi du esprintean Espainiako Vueltako seigarren etapa. Wilco Keldermanek eta Thibaut Pinotek 1.44 galdu dute

Nacer Bouhanni, atzo, lortutako garaipena amorruz ospatzen. MANUEL BRUQUE / EFE.
2018ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
«Zergatik irudikatzen nauzue ez naizen mutil gaiztoa bezala?», txiokatu zuen atzo goizean Nacer Bouhannik (Cofidis) zenbait hedabidetan zabaldutako zurrumurruei erantzunez. Herenegungo etapan, ustez, Cofidiseko zuzendariarekin eztabaida izan, eta taldeko autoa jotzeagatik zigortu omen zuten.

Amorru hori abiadura bihurtu, eta nagusi izan zen atzo, Espainiako Vueltako seigarren etapan. Danny van Poppel (Lotto-Jumbo) eta Elia Viviani (Quick Step) menderatu zituen helmugan. Omar Fraile (Astana) ongi moldatu zen esprintean, eta zazpigarren izan zen. Jon Aberasturi (Murias), berriz, hamahirugarren.

50 kidez osatutako tropelak jokatu zuen etapa garaipena. Izan ere, azken 30 kilometroetan haizeak eta abiadurak sarraskia eragin zuten. Batez ere, Skyk eta Borak antolatutako haize babesek mila zatitan banatu zuten tropela.

Kaltetu nagusiak Thibaut Pinot (FDJ) eta Wilco Kelderman (Sunweb) izan ziren. 1.44 galdu zuten. Kelderman matxura batek utzi zuen tropeletik kanpo. Talde osoaren laguntza eduki arren, ezinezko izan zuen zuloa ixtea. Ion Izagirre (Bahrain) adi ibili zen une oro, eta arazorik gabe amaitu zuen etapa. Vicenzo Nibalik berak lan egin zuen tropel buruan ormaiztegiarraren mesedetan.

Gainontzean, etapa lasaia izan zen. Eguneko ihesaldia Richie Portek (BMC), Luis Angel Matek (Cofidis) eta Jorge Cuberok (Burgos BH) osatu zuten. Cuberok iraun zuen gehien.

Gaur, esprint ziurrik ez

Gaur, Pozo Alconen (Espainia) amaituko da zazpigarren etapa, eta 185 kilometro izango ditu. Hirugarren mailako bi mendate igo beharko dituzte. Azken igoera helmugatik hamabi kilometrora izango dute (4,5 kilometroko luzera du, eta %5,4ko pendiza). Helmugara arteko tarteak gorantzako joera izango duenez, kontrol lana ez da erraza izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.