Bidasoak onenen artean segitu nahi du

Irungo taldea lanera itzuli da. Skrzyniars eta Harbaoui atezainak eta Nieto eta Mitic albokoak fitxatu ditu taldea indartzeko

Bidasoako jokalariak, atzo, Artalekun egindako lehen lan saioan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
pettan uralde
2022ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Proiektu berri bati ekiten dionaren ilusioarekin eta gogoarekin, hasi da lanean Bidasoa. Jacobo Cuetararen taldeak denboraldiaurreko lehen entrenamendua egin zuen atzo, Artaleku kiroldegian. Aurtengo sasoian, laugarren aldiz jarraian egongo dira Europako txapelketan, eta 25. aldiz hartuko dute parte Asobal Ligan. Azken denboraldietako lan ona mantentzen saiatuko dira: «marra gorririk jarri gabe», Cuetarak adierazi zuenez.

Azken lau denboraldietatik, Irungo taldea hiru aldiz izan da txapeldunorde Asobal Ligan, eta entrenatzaile asturiarrak berretsi du taldearen helburuak berdinak izaten jarraituko dutela.«Gure helburua betikoa da: ahalik eta onenak izatea, partida guztiak irabaztera joatea eta lehiaketa guztietan ahalik eta goren iristea nahi dugu». Azken urteetako mailari eustea ere erronka handia izango dela dio Cuetarak: «Goian jarraitzeko erronka hori dago, jakina. Beti borrokatzen gara gure onena lortze aldera, ligako txapeldunorde izate aldera, adibidez. Azken urteetan, goiko postuetako etengabeko borrokan egon gara, eta horrela jarraitu nahi dugu».

Lan onaren erakusle da Europan lehiatzea, eta Bidasoak laugarrenez egingo du jarraian. Irailaren amaieran eta urriaren hasieran jokatuko dute EHF Europa Ligako lehen kanporaketa, eta, hori gaindituz gero, multzo fasean parte hartuko lukete. Hala egin zuten aurreko denboraldian, final-zortzirenetara iritsita, gainera.

Taldea ongi hornitu da denboraldi honi begira, guztira lau jokalari fitxatu ditu: Jakub Skrzyniars eta Mehdi Harbaoui atezainak, eta Asier Nieto eta Mihajlo Mitic albokoak. Skrzyniars poloniarra da, eta azken Europako Txapelketan egon zen. Harbaoui, aldiz, gazte mailako munduko txapeldun da Frantziako selekzioarekin. Miticek eta Nietok ere jokatu izan dituzte nazioarteko partidak, Serbiarekin eta Espainiarekin. Odriozola, Sierra, Ledo eta Fernandezen hutsuneak betetzera etorri dira. Cuetararen esanetara, egongo dira jokalari berri hauek, nahiz eta Harbaoui geroago hasiko den lanean, Mediterraneoko Kopa eta Afrikako Kopa jokatu baititu. Espainiako selekzioarekin, Junior mailako Eurokopa irabazi duten lau jokalariak ere, hurrengo astean sartuko dira talde dinamikan. Cuetarak nabarmendu du denboraldiaurrearen helburua ongi sentitzea dela: «Taldean sartu berri diren jokalariak egokitu, eta zaleei gustatuko zaien joko eredua ezartzeko balioko du prestaketa honek». Bidasoak sei lagunarteko jokatuko ditu abuztuaren 12tik aurrera; Billeren, Huesca, Logroño, Limoges, Romo eta Torrelavega izango ditu kontrario.

Hobekuntza harrobitik

Bidasoak harrobiarekiko apustua berretsi du, eta Eneko Furundarenak, Gorka Nietok, Julen Urruzolak eta Julen Mujikak Europako txapelketa lortu dute junior mailan, eta Cuetarak gertutik jarraitu du haien bilakaera. Lehen taldearen hobekuntza harrobitik datorrela berretsi du:«Asko aldatzen ari gara, jokalariek izugarri hobetu dute. Duela urte batzuk, gazteren batek gurekin jokatzea lortuko ote zuen galdetzen genion geure buruari, eta, orain, harrobiko jokalari askok kalitatez jokatzen dute lehen taldearekin. Argi dago bide onetik goazela eta apustua berresten jarraituko dugu». Ez da harritzekoa Bidasoak azken urteetan izandako arrakasta, 2016.urtean, Asobal Ligara igo zirenetik, gero eta garrantzi handiagoa eman baitiote harrobiari. Ereindako hazien fruituak jasotzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.