EKOGRAFIAK

Lau teilatu

Lander Arretxea.
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Egia izango da edo topiko bat soilik, baina entzuna diot bati baino gehiagori: Lau teilatu abestia beste edozein hizkuntzatan balitz, izango balitu ingelesezko, frantsesezko edo gaztelaniazko hitzak, mundu mailako ereserkia litzateke. Ez naiz ni musikaria eta nekez esan dezaket hala den edo ez. Agerikoa dena zera da: euskaraz dakigunon artean arrastoa utzi duela, bai behintzat kantuan jarri eta Anariren desirei entzungor egiteko beste: orain gutxi hau adierazi du musikari azkoitiarrak: «Garai denetan euskaraz sortuko duen jendea egotea da inportantea, eta ez duela berrogei urteko kantuak euskaraz kantatuko duenik izatea». Itoizen kanta ezagunenak 46 urte ditu dagoeneko.

Lau teilatu. Izena bera du misteriozkoa eta iradokitzailea. Hainbeste, non ETBk saio berria izendatzeko baliatu duen. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako teilatu banatan kontzertua grabatuko dute, eta telebistan eskaini gero. Ilaski Serranok gidatutako elkarrizketa bana ere izango da. Kontzertu bat oinarri duen egitura ezin klasikoagoa berpiztu dute horrela, telebista ere inoiz baino musikatuagoa den uda honen neurrira egokitzeko ahaleginean. Poztekoa da: gutxi eskatu eta asko ematen duen formatua da, eta, batez ere, ondo zahartzen dena. ETBk eta RTVEk talde gogoangarri askoren zuzenekoak dituzte euren artxiboetan.

Chica Sobresalto abeslari nafarra izan da —bere taldea lagun— Iruñeko Baluarten antolatu duten lehen saio edo kontzertua eskaini duena. Operacion Triunfo abeslarien reality-an egin zen ezaguna, baina ordurako kaleratua zuen lehen diskoa, eta gaur egun ere, hastapenetako bandarekin jarraitzen du. Formatuari dagokionez, kontzertua bera da muina. Soinuaren kalitateak maila ematen du, bai behintzat telebisten batezbestekoarekin alderatuta. Irudiari eta errealizazioari dagokienez, aldiz, ez dute asmatu teilatuek duten indar iradokitzailea pantailara eramaten. Gaur egun badira baliabideak musikari jarri diotena baino bilgarri ederragoa jartzeko. Teilatu bila hasi eta denak Hego Euskal Herrian kokatzea ere aipagarria da. Eskerrak Kanaldudek betetzen duen fin-fin Ipar Euskal Herriko oholtzak adi jarraitzeko lana. Uztailaren hasieran Irisarrin EHZ jaialdiak sortutako giroa, esaterako, ez da teilatu bakarrean kabitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.