Etxekoak garaile

Hernani eta Andoaingo Gazteleku sailkatu dira Berria Txapelketako final-zortzirenetarako, Danok Lagunak eta Kurene kanporatuta
Goian, Etxarri Hernaniko atzelaria; behean, Artola Gaztelekuko aurrelaria.
Goian, Etxarri Hernaniko atzelaria; behean, Artola Gaztelekuko aurrelaria. A.C. / FOKU

Jon Eskudero -

2019ko apirilak 17
Etxean jokatzeari etekina atera diote Hernanik eta Andoaingo Gaztelekuk joan den asteburuan, aurreikusi baino errazago sailkatu baitira Berria Txapelketako final-zortzirenetarako. Hernanik bi partida irabazita menderatu zuen Ortuellako Danok Lagunak, eta emaitza berarekin gainditu zuen Andoaingo Gaztelekuk Sopelako Kurene. Hala, hernaniarrek Lazkaoko Lapke izango dute aurkari , eta andoaindarrek Orozkoko Olgetan.

HERNANIN

Danok Lagunak 1 - Hernani 2

Ezin hobeto hasi zuen kanporaketa Hernanik lehen partidatik, kadeteen mailan espero baino aiseago nagusitu baitziren etxekoak. Hain zuzen, Apaolazak eta Etxarrik 22 eta 6 irabazi zieten Perez eta Allenderi. Azken horiek bolada onean ziren aspaldian, baina, eskuetako arazoen erruz, euren onena eman ezinda aritu ziren. Bikain baliatu zuten hori hernaniarrek.

Jaialdiko bigarrena izan zen partidarik onena, gazteen artekoa. Hasiera orekatu eta ona izan zen, eta 15 eta 14kora arte ez zen deus argitu. Ordura arte Aragones eta Cortazar bizkaitarrak nagusitu ziren piloteoan, baina Salaberria eta Lasa hernaniarrek defentsari esker eutsi zioten orekari. Salaberria nekatu egin zen baina, eta Ortuellako bikoteak ez zuen aukera alferrik galdu. Azkenean 22 eta 16 amaitu zen neurketa, bizkaitarren alde. Hala, nagusien partidak erabaki behar zuen guztia. Emozioa espero zitekeen, baina ez zen lehiarik izan. Ojuel eta Lizeaga gipuzkoarrek 22 eta 2 menderatu zituzten Lopez Aldai eta Lopez.

ANDOAINEN

Kurene 1 - Gazteleku 2

Hernanik egin bezala, bere kantxan jokatzearen abantaila baliatu zuen Andoaingo Gaztelekuk. Lehen puntua, dena den, Sopelako Kurenek eskuratu zuen, kadeteei esker. Bilbao eta Barturen 22 eta 16 nagusitu ziren Arrillaga eta Uria Hala ere, hasieran etxekoek agindu zuten, 6-0 aurreratuz. Arrillaga inspirazioz kantxaratu zen. Dena den, pixkanaka kantxari neurria hartuz joan ziren Sopelakoak, eta agintzen hasi ziren. 12nakoa izan zen azken berdinketa. Uriak lan duina egin zuen defentsan, baina ez zuen agintzerik izan, eta Arrillagak frontisetik urrun jokatu zuen. Bizkaiko elkarteak merezita lortu zuen puntua.

Gazteen eta nagusien mailan, hori bai, oso erraz lortu zituen garaipenak Gaztelekuk. Gazteetan, 22 eta 9 nagusitu ziren Artola eta Mujika Lacruz eta Arakistainen aurka. 19-0 aurreratu ziren. Mujikaren joak eman zuen zeresana. Eta, nagusietan, 22 eta 8 irabazi zieten Alberdik eta Elizegik Kamiruaga eta Ugarteri. Gipuzkoarrek euren mailaren berri eman zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna