Euskatel eta Caja Rural, Vueltara

Antolakuntzaren gonbidapena jaso dute. Pozik eta eskertuta azaldu dira, bertan parte hartzea baitzuten helburu nagusietako bat

Euskaltel Euskadiko txirrindulariak iragan asteko aurkezpenean. OSKAR MATXIN / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Euskaltel Euskadi eta Caja Rural aurtengo Espainiako Vueltan izango dira. Iragan astean ibilbidea aurkeztu eta gero, atzo eman zuen Unipublicek gonbidatu dituen lau taldeen berri, eta horien artean daude bi euskal taldeak. Kern Pharma kanpoan geratu da. Egitasmoa berriz martxan jarri denetik lehen aldia izango du itzuli handi batean Euskaltelek. Hamargarrenez ariko da Vueltan, berriz, Caja Rural. Bi taldeek sasoi honetarako zuten helburu nagusietako bat zen Vueltan egotea, eta «eskertuta eta ilusioz» jaso dute gonbidapena. Abuztuan egokituko zaie berrestea UCI World Tourreko lasterketa handi batean egoteko gaitasuna eta maila dutela. Burgos BH eta Alpecin dira gonbidatu dituzten beste bi taldeak.

Kontuan izan behar da aurten Italiako Giroak, Frantziako Tourrak eta Vueltak gonbidapen bat gehiago eman dezaketela. World Tourreko hemeretzi taldeez gain, Kontinental Mailako iazko talderik onena (Alpecin) eta antolatzaileek aukeratuko hiru taldek parte har dezakete.

2013an aritu zen azken aldiz Euskaltel Vueltan. Elastiko laranjarekin tropelean zen orduan Jorge Azanza, egungo zuzendaria. «Txirrindulari moduan parte hartu nuen, eta orain zuzendari moduan parte hartu ahal izango dut. Oso pozik nago». Arduraz hartu dute gonbidapena. «Harro gaude. Erronka handia da guretzat halako lasterketa batean parte hartzea. Motibazio bat da denboraldiari begira. Gustuko dugu ibilbidea». Antzera mintzatu zen zen Jesus Ezkurdia managerra: «Oso pozik gaude. Aitortza moduan jasotzen dugu gonbidapena. Gure filosofia, lan egiteko modua, urteetan pilatutako eskarmentua... kontuan hartu dituztela sentitzen dugu».

Lehen aroan hamabi garaipen lortu zituen Vueltan Euskaltelek:Samuel Sanchezek bost, Igor Antonek lau, Roberto Laisekak bi eta Mikel Nievek bat. Samuel Sanchez, gainera, bi aldiz izan zen podiumean. 2007an hirugarren izan zen, eta 2009an, bigarren. Itzuli handi batean lehen garaipena Vueltan lortu zuen Euskaltelek. 1999an izan zen, Laisekaren eskutik.

Caja Rural hamargarren aldiz izango da Vueltan. Juan Manuel Hernandez managerra pozik zegoen: «Ilusio handia dugu etapa bat irabazteko, eta horretarako egingo dugu lan. Vueltari esker, eskarmentua hartuz eta haziz joan gara itzuli handietan, eta oso eskertuta gaude. Izan ere, gurekin lasterketa honetan debuta egin zuten hainbat txirrindulari World Tourrean ari dira orain, eta gure asmoa gazteei aukerak ematen segitzea da». Garrantzia eman dio antolakuntzak egin duen ahaleginari: «Eskertzekoa da antolakuntzak egin duen ahalegina». Vueltan garaipenik ez du lortu, oraingoz, Caja Ruralek.

Burgosko (Espainia) eta Santiago de Compostelako (Galizia) katedralak lotuko ditu aurtengo Vueltak, eta orotara 3.336 kilometro izango dituen ibilbide bat.11 bukaera berri egongo dira, esprinterrek ohi baino aukera gehiago izango dituzte, eta ziklistak ia ez dira horma tenteetan gora bihurritu beharko. Berritasun nagusia, dena den, azken egunean egongo da: 33,7 kilometroko erlojupeko luze batekin bukatuko da lasterketa. 2021a Done Jakueren urtea da, eta, horregatik, Santiago de Compostelan egongo da azken helmuga, eta ez Madrilen, 2014az geroztik izan den bezala.

Ibilbide malkartsua

Ondo bidean, abuztuaren 14an hasiko da Vuelta, Burgosen. Hango katedralak 800. urteurrena du aurten, eta hantxe izango du irteera eta helmuga hasierako erlojupekoak. Zortzi kilometroko saio laburra izango da. Hortik aurrera, ibilbide malkartsua topatuko dute ziklistek: guztira, mendiko zazpi etapa jokatuko dira, eta beste lauk ibilbide hautsia izango dute. Edozein moduz, azkarrenek ere izango dute distira egiteko tartea, profil etzaneko sei etapa jokatuko baitira. Bestalde, 200 kilometroko etapa bat baino ez da izango, eta bakar bat ere ez da igaroko Euskal Herritik.

Faboritoek hirugarren etapan izango dute lehen buruz burukoa, lehen mailako Picon Blancon gora. Zazpigarren etapak ere zailtasun horretako bukaera izango du, Alacanteko Balkoian. Bederatzigarren etapan, berriz, maila bereziko Velefiquen egongo da. Atseden hartuko dute gero ziklistek, eta hamalaugarren etapan izango dute hurrengo azterketa serioa, lehen mailako Villuercasen. Azken astean, berriz, erabakigarriak izango dira Asturiasko bukaera gogorrak: hamazazpigarren etapak Covadongako aintziretan izango du helmuga, eta hemezortzigarrenak sekula igo ez den Gamoniteirun. Hamabost kilometro eta ia %10eko batez besteko pendizeko mendate beldurgarria da. Hogeigarren etapa egokia da segadetarako, eta hautagaiek erlojuaren kontra esan beharko dute azken hitza garaipena lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.