Espainiako Vuelta

Luzeetan zein laburretan, hankak arin

Roglicek erraz irabazi du Vueltako 10. etapa. Esloveniarra liderraren elastiko gorriaren jabe egin da, Carapazek atzerapena izan baitu

Luzeetan zein laburretan, hankak arin.
Mikel O. Iribar.
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Hanka batekin irabazi zuen atzo Primoz Roglicek (Jumbo Visma) Espainiako Vueltako hamargarren etapa. Bada, esloveniarrak garbi erakutsi du beste behin mendate luzeetan ez ezik igoera laburretan ere ondo baino hobeto moldatzen dela. Suanceseko 1,5 kilometroko aldapan atzetik aurrerako sekulako lana egin zuen, eta begi fina duela ezin zaio ukatu; izan ere, bai baitzekien etapako amaiera Andrea Bagioliren (Deceuninck) dohainetara ongi egokitzen zela. Hala, italiarraren gurpilari ongi eutsi zion, eta ondoren, Jumbo Vismako txirrindulariak, distantzia ongi neurtuz, sekulako errematea eman zion. Haren atzetik, Felix Grossschartner (Bora), Bagioli eta Alex Aranburu (Astana) helmugaratu ziren. Etapa irabazteaz gain, liderraren elastikoaren jabe egin zen Roglic, Richard Carapazek (Ineos) ezin izan baitzion lehen postuari eutsi.

Kantabriako kostaldean barrena jokatu zen etapa, eta 185 kilometroko lana izan zuten txirrindulariek. Tropelak lau lasterkariei eman zien ihes egiteko baimena: Jonathan Lastrari (Caja Rural), Brent Van Moeri (Lotto Soudal), Alexander Molenaari (Burgos BH) eta Pim Ligtharti (Direct Energie). Dena den, tropelak ez zuen atseden hartzeko betarik izan, eta hamasei kilometro falta zirenean ehizatu zuen lehen multzoa.

Azken kilometroak sasiordekan baziren ere, su batean joan ziren txirrindulariak, talde bakoitzak bere liderra azken malda hasierara ongi kokatuta eramatea nahi baitzuen; Ineosek, esaterako. Alabaina, kukuak oker jo zion talde britainiarrari, Carapazek, atzo arte Vueltako liderra zenak, ez baitzuen azken astean erakutsi zuen maila berretsi.

Igoera hasi eta gutxira, Guillaume Martinek (Cofidis) zalaparta sortu zuen tropelean, nahiz eta haren ahalegina hutsala izan; ez, ordea, Bagiolirena. Eraso indartsua egin zuen italiarrak, baina Roglic erne zegoen, eta ongi eutsi zion italiarraren oldarraldiari, harik eta bakarrik hanka egin zuen arte. Helmugan, hamar segundoko gainsariaz gain, hiru segundoren aldea atera zion Carapazi. Hala, lehen postura igo da Roglic.

Gorriz markatutako etapa

Gaurko etapa ez da nolanahikoa izango. Farrapona mendatean izango du helmuga, baina aurretik, beste hiru mendate gogor kateatu beharko dituzte: Colladona, Cobertoria eta San Lorenzo. Indartsuenek euren legea ezartzeko eta denbora tarte handiak ateratzeko ibilbidea, alajaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.