Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Tourra solas

2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Norbaitek esango balu serioegia eta «gizonezkoegia» dela, nekez erantzun ahal izango lioke inork ezetz, baina saio landua, egokia eta atsegina da Frantziako Tourraren zuzeneko emanaldia ETB1en, On Tour saioa barne.

Serioegia izatearena ulergarria da. Umorea oso kontu serioa dela dio topikoak, eta gero eta serioagoa bihurtzen ari da, gero eta ekilibrista hobea izan behar da umorearen izotzezko pistan laprast egin gabe zutik irauteko. «Gizonezkoegia» izatearenak ere ez du akaso konponbide errazik oraingoz, baina Leire Olaberriak hautagai egokia izan daitekeela erakutsi zuen abuztuaren 29an, La Courseren emanaldian.

Frantziako Tourra egunkariak saltzeko asmoz sortu zen, pentsatuz kazetari trebeak abentura haren kontaketan jarriz gero salmentek gora egingo zutela. Eta bai asmatu ere! Milaka istorioren iturburu izan da, da eta izango da txirrindularitza, oro har, etaTourra bereziki, Ander Izagirrek Beruna patrikan liburuan (euskaraz Julen Gabiriak itzulia) ederki erakutsi zuen moduan.

Eguneko etaparen unean uneko egoeraren berri emateaz gain, Xabier Usabiagak, Fermin Aramendik eta Pedro Mari Goikoetxeak istorio interesgarriak kontatzeko eta datu interesgarriak gogoratzeko ere baliatzen dute emanaldia, eta horretarako txirrindulari baten edo txirrindulari ohi baten laguntza izaten dute astegunetan.

Txirrindulari horien arteko gehientsuenak arituak dira lehendik ere ETB1eko zuzeneko txirrindularitza emanaldietan, eta denek izan ohi dute zer gogoratua, zer kontatua eta zer irakatsia. Bada bat, hala ere, tropel horretatik aise nabarmentzen dena, denekin ondo geratu nahiak ez diolako ahoa bizarrez zipriztintzen: Unai Osa. «Xabier Usabiagaren sermoiak» aipatu zituen behin Unai Osak, aspaldi, horrelako emanaldi batean, eta beste batean zorrotz kritikatu zuen euskal zaleen artean oso ospe ona zeukan txirrindulari bat, Marzio Bruseghin, esanez hura ez zela Banesto taldera ona zelako joan, «Pinarelloren koadroari pegatuta» baizik, hau da, Pinarello bizikleta markak behartuta. Joan den astean gonbidatu zuten Tourraren emanaldira. Ez zuen perla gogoangarririk utzi, baina txinparta gozagarriak eskaini zizkion tarteka saioari, gonbidatu zutenei kontra egiteko beldurrik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.