Nagusitasunez sailkatu dira

Oberenak eta Hernanik aise gainditu dituzte beren kanporaketak Berria txapelketan, eta elkarren aurka jokatuko dute final-laurdenetan

Sanchez, Oberena klubeko kadete mailako aurrelaria. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jon eskudero
2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Emozio handirik gabe joan da asteburua Berria txapelketan. Oberena eta Hernani (Gipuzkoa) faboritoak nagusitasunez sailkatu dira final-laurdenetarako: 3-0 irabazi diete Amezketako (Gipuzkoa) Zazpi Iturriri eta Amasa-Villabonako (Gipuzkoa) Behar Zanari, hurrenez hurren. Bietako bat ariko da finalerdietan, elkarren kontra jokatuko baitute.

HERNANI
Oberena (Iruñea) 3

Zazpi Iturri (Amezketa) 0

Berria txapelketako ezagun zahar bi aritu ziren igande goizez Hernanin: Oberena eta Zazpi Iturri. Garbi geratu zen gaur-gaurkoz nafarrek harrobi hobea dutela. Trantsizio moduko zerbait igarotzen ari dira amezketarrak azken urteotan, eta, gauzak ondo egiten ari izanagatik ere, ezin izan zuten ezer egin Oberena mendean hartzeko.

Kadeteen partidan, esaterako, Oberenako Sanchez-Santestebanek 22-1 irabazi zieten Zazpi Iturriko Ruiz-Karrerari. Sanchezen sakea bueltatu ezinda aritu ziren gipuzkoarrak. Emaitza berarekin nagusitu ziren nafarrak bigarren partidan ere. Sarasibar-Balerdik tanto bakarrean utzi zituzten Armaolea-Plazaola. Balerdik errebotean sarturiko pilotakada bat izan zen partidako onena.

Nagusien partida jokatzerako guztiz erabakita zegoen kanporaketa, baina, gutxienez, piloteo gehiago ikusi ahal izan zen partidan. Canabal-Aldabek ordezkatu zuten Oberena, eta Zabala-Belokik Zazpi Iturri. Aldabek agindu egin zuen atzean, baina defentsan sendo jokatu zuen Belokik, eta tanto politak egon ziren aurrean. Canabalek jaso zuen txalo gehien. 22-6 nagusitu zen Oberenako bikotea.

HERNANI
Hernani 3
Behar Zana (Amasa-Villabona) 0


Emaitza berarekin gainditu zuen Hernanik Behar Zana, baina lan gehixeago egin behar izan zuen, emaitzak ez baitziren hain nabarmenak izan. Kadeteetan, Hernaniko Iturbe-Azpeitiak 22- 11 irabazi zieten Aranburu-Otaegiri. Hasieratik hobeto jokatu zuten etxekoek, eta, horri esker, alde ederrarekin ibili ziren. Azpeitia atzelaria nagusi zen piloteoan, eta Iturbek ez zituen alferrik galdu aukerak. Behar Zanako bikoteak azken txanpan lortu zuen emaitza itxuratzea.

Gazte mailan ere etxeko bikotea nagusitu zen: Jara-Etxarrik 22-13 menderatu zituzten Aranburu anaiak. Lehen erdia parekatua joan zen, batez ere bi atzelarietako inork ez zuelako agintzen, baina erditik aurrera Jararen inspirazioak erabaki zuen norgehiagoka. Bikain aritu zen tantoa bukatzen.

Nagusien arteko partida aurreikus zitekeen kanporaketako parekatuena, baina Behar Zanak lesionatuta zituen pilotaririk onenak. Hala, bi gaztek jokatu zuten, Iraola-Jauregik, eta ezin izan zuten ezer egin Ojuel-Ortiz de Urbina beteranoen aurrean. 22-6 irabazi zuen etxeko bikoteak. Ojuel nabarmendu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.