Sanbartolomeak Zegaman

Tabernetatik eskolako patiora

Trikipoteoa eta gazte afaria egingo dituzte gaur Zegaman, Gazte Herexa elkarteak antolaturik

Herriko haur jaioberriei egindako ongietorria, duela bi urteko Zegamako jaietan. GOIERRIKO HITZA.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2018ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Aste berezia dute orain Zegaman (Gipuzkoa), San Bartolome jaietan murgilduta baitaude. Etzi amaituko dira. Egitarau zabala dute jaiek, adin guztietakoek lekua izateko pentsatuta. Gaur, gazteei dagokie gozatzea, eta Gazte Herexa elkartea arduratu da horretaz. Izan ere, poteo musikatua eta gazte afaria egingo dituzte.

20:30ean, poteoa hasiko da, eta herriko bost tabernetan egingo dute. Giro are hobea izateko, trikitilari batek eta pandero jotzaile batek musikarekin girotuko dute poteoa: Gabiriako (Gipuzkoa) Rezusta anaiek.

Poteoaren ondoren, gazte afaria izango da, 21:30ean, eskolako patioan. Txartelak tabernetan daude salgai —50 gazte inguru elkartu ohi dira—. «Gazte afaria, berez,Zegamako gazteentzat izaten da, baina izaten da herriarekin erlazioa duen jendea edo bikotea bertakoa duenik ere», esan du Euken Olaziregik, Gazte Herexa elkarteko kideak. Zegamako ostatuan kozinatuko dute afaria: errusiar entsalada eta oilaskoa; kafea eta bestelakoak ere barne.

Afalostean ez da amaiera ordurik egongo, baina, dantzaldia egongo denez, gazte gehienak hara joango dira, Olaziregiren arabera. Tximeleta taldeak joko du, gauerditik aurrera, plazan.

Gazte Herexa antolatzaile

Gazte Herexa elkartea arduratuko da trikipoteoa eta gazte afaria antolatzeaz, baina elkarteak askoz gehiago egiten du. Bihar, 11:00etan, haur jolasak antolatu dituzte herriko umeentzat: «Gazte Herexako antolatzaile batzuk pailazoz janzten gara, eta herri jokoak egiten ditugu: sokatira, esaterako. Haurrei opari txiki batzuk ere ematen dizkiegu, detaile bat, udalaren laguntzaren bidez», Olaziregik azaldu duenez. Olaziregiren arabera, Gazte Herexa elkartearen funtzio nagusia da ekitaldiak antolatzea Zegamako herritarrentzat eta gehienbat gazteentzat: «Herriari alaitasun pixka bat ematea». Ibilbide luzea du elkarteak: «Orain 40 urte dituztenak ere gazte garaian ibiliak dira Gazte Herexan».

Elkarteak ez dusanbartolomeetan bakarrik lan egiten; urte osoan ere hainbat ekitaldi antolatzen dituzte. «Martxo edo apiril inguruan Gazte Eguna egiten dugu, eta bazkari eta afari batean oinarritzen da eguna. Horietako bat dohainik izan ohi da, elkarteak ordaintzen baitu», Olaziregik adierazi duenez. Gabonetan, berriz, Zegamako ostatuan bazkaldu eta gero, kantuan joaten dira baserriz baserri, «gazte giro hori pixka bat aurrera ateratzeko».

Sanbartolomeetan, hala ere, beste hainbat ekitaldi daude. Gaur, San Bartolome eguna izanik, herriko txistularien goiz eresiaren ostean, prozesioa egingo dute San Bartolome ermitatik parrokiara. Meza nagusiaren ondoren, herriko agintariek sokadantza egingo dute. 13:15ean, ongietorria egingo diete azken urtean jaio diren haurrei, eta, gero, Tobera Musika Eskolako dantza taldeak dantza saioa eskainiko du herriko plazan.

Arratsaldean, apar jaia eta pilotariak izango dira; 19:30ean, berriz, erraldoi eta buruhandiek kalejira egingo dute, herriko txistulariekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.