Beso zabalik hartu du herriak

Elkanoren lehorreratzea gogoratu dute Getarian; 496 urte dira munduari bira eman ziola

265 gizonetik bakarrik 18 itzuli ziren. Horrela irudikatu zituzten atzo. G. RUBIO / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Getaria
2018ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Lehorreratu dira Juan Sebastian Elkano eta beste hamazazpi itsasgizonak Getariara (Gipuzkoa): arropa hautsiak eta oinazea daramatzate gorputzean; ile luzeekin eta bizarrarekin estalitako nekea, berriz, aurpegian. Hodeiak eta haizea lagun, atzo arratsaldean iritsi zen portura Nao Victoria itsasontzia; duela 496 urteko lehorreratzea oroitu dute getariarrek.

Elizako kanpaiek, sirena hotsek eta suziriek eman dute itsasontziaren iritsieraren berri. Motel sartu da Nao Victoria portura, belak jasota. Ontzia lotu orduko jaitsi da Elkano, eta atzetik atera dira gainerako marinelak, banan-banan. Jaurlaritzako, udaleko eta aldundiko ordezkariek egin diete lehenengo harrera, baita musika bandaren doinuek ere. Txaloka eta oihuka erantzun dute ikusleek ere; herrira arteko balkoi eta txoko guztiak bete dituzte.

«Munduari bira emandako lehenengo gizona omenduko du herriak», azaldu dute bozgorailuetatik, eta nabari da hori kalean ere. Nekez pasa daiteke Kale Nagusitik, jendetza batu baita haren bi ertzetan: 1922tik lau urtean behin irudikatzen dute lehorreratzea, eta hura ikusteko amorratzen daude. Kale Nagusira sartu aurretik, ordea, San Salbatore elizarako bidea hartu dute eskifaiako kideek. Ohiko usadioari jarraituz, Antiguako Amari eskerrak eman dizkiote han.

Ikusminez itxaron du jendeak elizako irteera. Ez daude urruti Julia eta Nieves Santxo; Zarauztik (Gipuzkoa) etorri dira: «Lehenengo aldiz etorri gara aurten». Politena jatetxearen babesean daude Leire eta Josune Lazkano getariarrak ere. «Oso hunkigarria da lehorreratzea», esan du Leire Lazkanok. Kale Nagusiaren goiko aldera begiratu du orduan; kontinenteetako ordezkariak noiz ikusiko zain dago. Antzera daude pareko balkoiko neskak ere: kolore bereko blusak daramatzate soinean; lehorreratzeaz gain, herriko festak ere badira.

Aldaketaren bidean

Kalea goitik behera zeharkatu du karrozak, elizara bidean; Elkanoren bila doa. Atzetik joan dira kotinenteetako ordezkariak; Ozeaniakoa izan da lehenengoa, eta gogotsu animatu du publikoak, baita besteak ere. Ezaguna du ibilbide hori Josune Lazkanok: «Duela hogei urte inguru atera nintzen», gogoratu du. Udalak aukeratzen zituen orduan ordezkariak, Lazkanok azaldu duenez: «Jendea irrikan egoten zen ateratzeko». Orain, berriz, parte hartu nahi dutenek izena ematen dute, eta zozketa bidez erabakitzen dute nortzuk aterako diren.

«Jendea aztoratuta dago aurten mutilak ere atera direlako ordezkari; aztoratuta, zentzu onean», azaldu du Irune Belokik; boluntario modura ari da lanean getariarra. Lehenengoz hartu dute parte mutilek kontinenteetako ordezkarien rola antzeztuz; Ibai Urresti eta Eneko Miralles izan dira, eta Europako eta Amerikako ordezkari gisa zeharkatu dute kalea, elizaraino.

Mutilek ez ezik, neskek ere izan dituzte rol berriak aurtengo lehorreratzean; hain justu, lehenengoz aritu dira karrozaren gidari eta lantzadun. Zozketa bidez banatu dituzte pertsonaia horiek ere. Eskifaiako kideak antzeztu dituztenak, aldiz, ez; mutilak izan dira guztiak.

Eliza atarian elkartu dira itsasontzitik jaitsitako gizonak eta kontinenteetako ordezkariak; karroza gainean zeharkatu du Kale Nagusia Elkanok, kontinenteetako ordezkariak ondoan zituela. Hurbil izan dituzte eskifaiako kideak ere; itxura zaindua eta arropa koloretsuak dituzte orain. Atzetik jarraitu diete udal eta foru ordezkariek.

Txalo eta garrasi artean girotu du jendeak kale estu eta aldapatsuko ibilbidea. Elkanori eskainitako oroigarrian geldialdia egin ostean heldu dira Gudarien plazara; han jaso dute udalbatzarenharrera, karroza erdi-erdian zela, Elkanoren estatuaren ondoan. Gora Elkano abestu die abesbatzak, musika banda lagun.

Maitea dute Elkano getariarrek; munduari bira eman zion lehenengoa bera izan zen, eta ez dute ahazteko: 1519an abiatu zen getariarra, Magallanesek gidatutako bost ontziko espedizioan, Sanlucar de Barramedatik (Andaluzia, Espainia). Hiru urte geroago lehorreratu zen Sevillan (Andaluzia, Espainia); Nao Victoria ontzia soilik heldu zen, Elkano buru zuela.

Horixe gogoratu dute, beste behin; berezia da Elkano Getariarentzat, eta baita lehorreratzea ere getariarrentzat. Aurtengoa igaro berritan, lau urte barrukoa izango du zenbaitek buruan. Eta are bereziagoa izango da 2022koa; hain zuzen, bi urteurren aipagarri elkartuko dira: 500 urte beteko dira Nao Victoria lehorreratu zela; ehun urte, berriz, lehorreratzea antzezten hasi zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.