Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Txikitasunaren handitasuna

2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Ines Garcia liburuzaina da. Donostiako Tabakaleran, sarreran dagoen liburu dendan egiten du lan. Tobacco Days, «liburu bereziak biltzen diren» lekuan, hain zuzen. Twitter-eko profilak dioenez, «hitzak, ilustrazioak, musika eta argazkiak» topa daitezke bertan. Garciak ETB1eko Berben lapikoa bisitatu, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu zituen.

Ez zuen oso urrutira joan beharrik izan; hain justu ere, euskarazko saio berria kultur garaikidearen nazioarteko gunean egiten dute. «Saiatzen naiz espazio berezi bat izaten, liburu aukeraketa berezia eginez». Tabakaleran egoteak liburu dendaren izaera baldintzatzen duela dio Garciak, eta horregatik, arteari, zinemari, argazkilaritzari... pisu handiagoa ematen die. Eta aldi berean eleberriak, poesia, saiakera feminista eta politikoa aurki daitezke Tobacco Daysen.

Espazioaren edertasuna ere zaintzen du liburuzain zarauztarrak. Topaleku bihurtu nahi zuen hasieratik. «Liburu denda bat ez da presaka joaten zaren leku bat, baizik eta lasai egoteko toki bat, eta hori zen ideia». Begiak ez kargatzea, dio. «Nahiago nuen liburu kopuru txikiagoa izan, aukeraketa zorrotzagoa egin, eta liburu bakoitza ondo erakutsia eduki». Esperientziari ematen dio garrantzia. Txikitasunaren handitasunari, alegia.

Esparru txikietan oso eroso sentitzen da Ines Garcia. Tobacco Days ez baita «mundu orokorrari zuzendutako produktu bat». Baina hor mugituko zarela eta gustuko duzuna egingo duzula jakinez gero, «munduko gauzarik onena da». Izatez, irailean hiru urte beteko ditu liburu dendak, eta liburuzainak presente dauka denbora horretan egindako bidea. «Konturatu naiz Tabakalerarekiko oso ad hoc dagoen espazioa dela liburu denda». Hau da, Tabakalerara sartzen diren lagun gehienek badutela jakin-min berezia kulturarekiko. Batez ere, Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleen bizitasuna sumatu du Garciak.

Itxialdiaren ostean, liburu dendak atzo zabaldu zituen bere ateak. Etenaldi luzearen ondotik, liburuzainak aitortu du beldur pixka batekin begiratzen diola etorriko den «normaltasun» horri. «Gogoa dut berriro zabaltzeko, baina panorama nahiko konplikatua ikusten dut». Ez da geldirik geratuko; izan ere, hor frustratzeak ez du zentzu handirik harentzat. Ez nuen zugandik gutxiago espero, Ines! Zorionak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.