Festak Izurtzan

Festak, herri txikien arnasgune

Gaur hasi, eta bi asteburuz izango dira Izurtzako jaiak. Laugarren aldiz antolatu dute herriko jaien inguruko argazki lehiaketa

Adin guztietako jendea batzen da Izurtzako plazan. Irudian, aurreko urteko argazki lehiaketako irabazlea. IZURTZAKO UDALA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2018ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Uda sasoian, nonahi aurki dezake entretenimendua festa gogoz dagoenak. Jai ereduak askotarikoak izan daitezke, herrikoiak edo erakundeek antolatuak, herri txikietakoak edo hiriburuetakoak. Baina guztiek dute beren xarma. Izurtzan (Bizkaia), esaterako, herritarren ekarpenekin sortzen dituzte urtero jaiak.

Herri txikia da Izurtza. 250 biztanle inguru ditu. Oihane Irastorza Kultura zinegotziaren esanetan, jai batzordea sortzeko ahalegina egin zuten duela urte batzuk, baina ez zuen arrakastarik izan. Hori horrela, maiatz aldera hasten dira iraileko jaiak prestatzen. «Deialdia zabaltzen dugu herri guztira, herriko talde desberdinekin jartzen gara harremanetan, eta bilera bat egiten dugu», adierazi du Irastorzak. Aurreko urteetako egitaraua hartzen dute erreferentzia gisa, eta egin beharreko aldaketak erabakitzen dituzte denen artean.

Irastorzaren esanetan, udalak asko eskertuko luke jaiak antolatzeko orduan, herritarren laguntza gehiago izatea. «Ekarpen berriak behar ditugu, batzarretan beti berdinak biltzen gara, eta ideia freskoen beharra dugu», azpimarratu du. Hori horrela, herriko gazteei dei egin die, herri txikerretako jaiak denonak izanik, «sustatu beharra dagoelako».

Bi asteburuz izaten dira Izurtzako jaiak. Eta lau egunetan, hiru baselizatara hedatzen da festa. Lehenengo igandean Santa Ageda baselizan sortzen den giroa nabarmendu nahi izan du Irastorzak: «Eguraldi ona eginez gero, jende andana batu ohi da». Etzibatuko dira bertan. Jaizale taldeak herritik kalejira egin ostean, igoko dira Santa Ageda ermitara, hain zuzen. Aurten, besteak beste, bertso bazkariaz eta erromeriaz gozatzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek.

Jaiek irauten duten egunetan, herrikoa bertakoa den Mendigain dantza taldeak 50. urteurrenaren ospakizunetan jarraituko du. Beraz, hainbat erakustaldi eskainiko ditu. Lehenengoa igande honetan izango da, Santa Ageda auzoan. Irastorzaren esanetan, «hain herri txikia izanik, horrelako dantza talde bat eduki eta 50 urte egitea harro egoteko modukoa da». Era berean, dantza taldea ia desagertuta zegoenean, taldeko kideek hura suspertzeko egindako lana azpimarratu nahi izan du. Urteurrenaren harira, ospakizun ekitaldia egingo dute, datorren larunbatean, irailak 8, Erdoitzako baselizan, eguerdian. Hirugarren saioa eta azken saioa, berriz, hurrengo egunean izango da San Tomas baselizan.

Betikoak eta berrikuntzak

Bigarren asteburuko larunbatean, datorren irailaren 8an, egingo dute Izurtzako jaietako beste ekintza arrakastatsu bat: patata tortilla lehiaketa. Irastorzaren esanetan, zortzi-hamar urte inguru izango dira lehen aldiz lehiaketa antolatu zutenetik, eta urtetik urtera parte hartzea gero eta handiagoa izaten da. «Azken urteetan 30 tortilla inguru egon izan dira», gaineratu du.

Tradizioek pisua badute ere, duela lau urte ekimen berri bat abiatu zuten herriko jaietan. Udalarekin egindako bileretako batean aipatutako berrikuntzetako bat izan zen. Herriko jaiak ardatz hartuta, argazki lehiaketa egitea erabaki zuten, parte hartzea sustatzeko asmoz. Hori horrela, herritarrei zein jaietara etortzen den jendeari eskatzen diete jaiak ahalik eta ondoen islatzen dituzten argazkiak ateratzeko. «Zerbait desberdina egin nahi izan genuen, eta oraingoz arrakasta izaten ari den ekintza da», aitortu du Irastorzak. Azken urteotan, 30 argazki inguru jaso izan dituzte lehiaketan, «guztiak ederrak», gaineratu du.

Gaur, 20:00etan, plazan jaurtiko duten txupinazoarekin eta osteko triki-poteoarekin murgilduko dira Bizkaiko herri txiki horretan jaietan. Kultura zinegotziak jai eredu desberdin bat ezagutu nahi duen jende guztiari gonbita egin dio Izurtzara gerturatzeko. «Aukera ona da herri txikietan jaiak nola bizi diren ezagutzeko, ez dute Durango edo halako herri bateko jendetza aurkituko, baina jaiaz gozatzeko beste modu bat ezagutuko dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.