Jaio, zarata handia atera, eta hil

Superliga sortu zuten hamabi taldeetatik hamarrek uko egin diote hura jokatzeari, eta bik soilik eusten diote: Real Madrilek eta Bartzelonak. Katalanek bazkideen esku utzi dute erabakia

Valentziako jokalariak, Irabaz ezazu. Futbola zaleentzako da leloa duten elastikoak soinean, atzo, Sadarren, Osasunaren aurkako partida hasi aurretik. Atzo jokatu zuten talde guztiek eraman zuten. JESUS DIGES / EFE.
Ainara Arratibel Gascon - Aitor Manterola - Julen Etxeberria
2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Jaio. Musika. Hil.: halaxe du izena Berri Txarrak musika taldearen disko ezagunak. Antzeko lerroburua jar dakioke Europako hamabi futbol klub handik sortu nahi izan duten Superligarekin gertatu denari: Jaio. Zarata handia. Hil. Bi egun besterik ez du iraun egitasmo handinahi horrek. Joan den igande gauean hori sustatu zuten hamabi taldeetatik hamarrek uko egin diote lehiaketa hori jokatzeari: Manchester Cityk, Manchester Unitedek, Chelseak, Liverpoolek, Arsenalek, Tottenhamek, Inter Milanek, Milanek, Juventusek eta Atletico Madrilek. Ingalaterrako taldeek herenegun hartu zuten erabakia, zaleen protestak eraginda. Barkamena eskatu zieten, gainera. Beste lau taldeek, berriz, atzo egin zuten atzera. Milanek zaleen ezinegonak eraginda egin zuen; Juventusek, Inter Milanek eta Atletico Madrilek, berriz, baldintzak aldatu direla argudiatuta. «Lanean jarraituko dugu», esan zuten hiru klub horiek.

Bi taldek bakarrik ez dute esan uko egiten diotenik: Real Madrilek eta Bartzelonak. Hala ere, Herrialde Katalanetako taldeak jakinarazi duenez, klausula bat ipini zuen Superliga eratzeko agirian, eta horretan argi utzi zuen bazkideena izango dela erabakia. Beraz, ia ziurtzat eman daiteke Bartzelona egitasmotik aterako dela.

Ikusteko dago zer egingo duen Real Madrilek. Hain zuzen, haren presidente Florentino Perez izan da sustatzaile nagusia. «Ez nau kezkatzen batzuek lehiaketa uzteak», esan zuen L'Equipe Frantziako kirol kazetan, herenegun.

Aleksander Ceferin Europako Federazioko (UEFA) presidentea pozik azaldu zen berriarekin; Ingalaterrako taldeek atzera egin eta gero hitz egin zuen: «Atzo [herenegun] esan nuen txalotzekoa dela akats bat onartzea. Atzera egin dute; bueltan dira gurean, eta badakit asko dutela eskaintzeko, ez bakarrik gure lehiaketei, baita Europako futbol guztiari ere. Orain, garrantzitsuena da batasuna berreskuratzea eta aurrera egitea».

Antzeko hitzak izan zituen Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak, Ingalaterrako taldeek hartutako erabakiaren berri izan bezain laster: «Egokiena da klubentzat eta zaleentzat. Hainbeste maite dugun futbola babesten jarraitu behar dugu».

Samurrago mintzatu zen Jose Manuel Franco Espainiako Kirol Kontseilu Gorenaren idazkaria. «Pozik» azaldu zen, baina gaineratu zuen Txapeldunen Liga «aldatu» beharra dagoela, eta Superligaren ideia «ona» dela UEFAri «abisu bat» emateko.

Egitasmo handinahia

Igande gauean hasi zen dena. Hamabi talde indartsuk Superliga sortu zuten, eta Txapeldunen Ligari uko egin. Abuztuan abiarazi nahi zuten. Hogei taldeko lehiaketa nahi zuten, eta gainontzeko bostak gonbidapenekin osatuko zituzten. Liga itxia izango zen, eta denboraldiro bost talde berrirekin osatuko zuten, bakoitzaren emaitzen arabera aukeratuak izango zirenak. «Erantzun bat da Europako egungo futbolak bizi duen ezegonkortasun ekonomikoaren aurrean, pandemia dela eta. Urteetan izan da lehiaketa honen sortzaileen asmoa Europako lehiaketen kalitatea eta intentsitatea hobetzea, eta, bereziki, txapelketa bat sortzea, klub eta jokalari onenek aukera gehiago izan dezaten elkarren aurka jokatzeko». Horra sustatzaileen arrazoiak.

Egitasmo berriak bete-betean jotzen zuen UEFA, eta haren erantzuna oso gogorra izan zen: «Superliga ez da solidarioa, zinikoa baizik. Talde horiek ezingo dute beste lehiaketetan parte hartu, ez herrialdeetakoetan, ez Europakoetan, ezta mundukoetan ere, eta baliteke jokalariek selekzioekin jokatzeko aukera galtzea». Gogor mintzatu zen Ceferin ere: «Superliga sortu duten taldeak aberatsak dira, eta, hala ere, diru gehiago nahi dute».

Kolpeari beste kolpe batekin erantzun zion UEFAk: Txapeldunen Liga berria. 2024an hasiko da, eta 36 taldek jokatuko dute (orain 32 dira). Talde bakoitzak hamar partida jokatuko ditu beste hainbaten aurka, eta aurreneko zortziak final-zortzirenetarako sailkatuko dira. Bederatzigarren eta 24. postuen artean geratzen direnek kanporaketak jokatuko dituzte, joan-etorrikoak, final-zortzirenetan aritzeko. 225 partida lirateke; egun, 125 dira. Azken egunetan gertatutakoa ikusita, asko dute hitz egiteko UEFAk eta Europako talde indartsuenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.